argia.eus
INPRIMATU
Haur eta gazteentzako kanpaleku paramilitarrak antolatu dituzte Espainiako Armadako beteranoek
  • Heziketa militar orokorra eta armen erabilera irakasten diete 7 eta 21 urte bitarteko ume, nerabe zein gazteei.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 17a
Don Pelayoko kadeteak tanke batekin. Argazkia: Don Pelayo

Goizeko lehen orduan bandera igoera Espainiako ereserkiarekin batera, eta gauza bera ilunabarrean. Espainiako Armadaren uniformea janzten dute, eta “kadeteak” deitzen dira. Ofizial baten agindupeko ataletan banatuta agurtzen dute elkar, formazio militarrean. Ez dira soldaduak, 7 eta 21 urte bitarteko neska-mutilak dira. Ez daude Loiolako kuartelean, Madrilgo mendilerroko udaleku batean baizik.

"Hemengo bizitza kuartel bat bezalakoa da, diziplina dago, prestakuntza dago eta bakoitzak bere lana egin behar du", adierazi dio Juan González Triguero Lurreko Armadako kaporalak El País egunkariari. Abuztuan 15 egunez egiten den kanpamenduaren zuzendaria da González. Bera bezalaxe, monitore gehienak militar beteranoak edo guardia zibil ohiak dira, eta badirudi hori dela bertan izena eman duten gaztetxo gehienen xedea.

Babes-mekanismoa

Álvarok 21 urte ditu, eta kanpalekuko zaharrenetarikoa da. Mekatronika industriala ikasten ari da eta bere bokazioa aldatu du: lehen armadan sartu nahi zuen, bere aitona bezala, artillaria zena; orain, ordea, nahiago du trikornioa jantzi, bere aitak eta bere birraitonak bezala. Celiak 16 urte ditu, kanpamentuan denek "C" deitzen diote, eta gurasoei kanpamentu horretara joan nahi zuela esan zienean, shock egoeran geratu zirela aitortzen du, zaletasun hori nondik zetorkion ulertu gabe. "Bullying-a jasan nuen eskolan, eta txikitan jarri zizkidaten mugak gainditzen saiatu nahi nuela esan nien, pertsona gisa zer balio dudan erakusteko", gaineratu du. Celiak mediku militarra izan nahi du, eta uste du kanpalekuak balio duela "karrera hori jarraitu nahi badugu etorkizunean nola biziko garen ikus dezagun; eta, gainera, familia bat da, eta hori oso garrantzitsua da nik jasandakoa jasan duen jendearentzat".

Diziplina

"Diziplina handia" dagoela onartu duen arren, hori bere kide batzuei ondo datorkiela ziurtatzen du, "euren bizitza desastre hutsa zelako", eta “diziplina horren beharra” sumatzen zutelako. Ez da zortzi urteko Leyreren kasua, begiraleek goizean egiten dituzten oihuengatik kexatzen baita. Hemen ez dago ziegarik, baina diziplinarik eza flexio gehiagorekin ordain daiteke. Badaezpada ere, inork ez du ur bila alde egiten lehorreko zakuekin eraikitzen ari diren gotorlekutik, hautsa aurpegian itsasten zaien arren. Ez dute ezer egiten ofizialaren baimenik gabe.

Heziketa

Prestakuntza, desfileak, ordena itxia, lehen sorospenak eta landa eremuan orientatzeko teknikak ikasten dituzte. Defentsa pertsonala eta arma labur zein luzeekin tiro egiten ere. Hirietan eta espazio irekietan borrokatzeko estrategiak irakasten dizkiete. Pistolak eta fusilak erabiltzen dituzte, armadaren airsoft erreplika zehatzak: balen ordez, plastikozko bolak jaurtitzen dituzte. Horiek ere ez dira kaltegabeak ordea. Begi batean plastikozko bola batekin tiroa jasotzeak lesio itzelak eragin ditzake; horregatik, nahitaezkoa da betaurrekoak eta aho-babesleak eramatea. Espainian debekatuta dago 14 urtetik beherakoek halakoak erabiltzea.

Eskandalua

Zuzendariak dio ulertzen duela askori eskandalua eragitea adin txikikoei armak erabiltzen irakastea, baina hori defendatzen du: "Hona datozen haur motak gauza horiek gustuko dituzte, eta zer hobeagorik nola funtzionatzen duten dakiten espezialistekin ikastea baino. Hemen ez dute armarik ukitzen, baldin eta aurretik ikastaro bat eman ez badiegu, zeinen arriskutsuak diren ohartaraziz. Behar izanez gero, neure buruari bola horiekin jotzeko gai naiz, uler dezaten".

Eredu amerikarra

Kanpamendu mota horiek soldaduskaren amaierak utzitako hutsunea betetzera etorri dira, eta Estatu Batuetan hasitako moda bati jarraitzen diote. Bertan, adin txikikoen zentroen ordezko funtzioa betetzen dute halako akademiek, gaztetatik delinkuentziarako joera dutenak “zuzentzeko”. Han ez dira erreplikak erabiltzen ordea, benetakoak baizik, Erriflearen Elkarte Nazionaleko instruktoreekin.

Salbuespenezko baldintzak

Aurten, COVID-19aren pandemia dela eta, base militar batera egin beharreko bisita kendu dute. Guztiek Espainiako banderadun maskarak daramatzate, eta banatuta dauden hiru atalak ez dira elkarren artean erlazionatzen, bazkaltzeko orduan izan ezik. Yolanda doktorea arduratzen da testa egin gabe inor kanpalekura sar ez dadin. Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek protokolo bat ezarri dute udako kanpalekuak kutsatzeko gune bihur ez daitezen.

Doktrinamendua

Ez dago haien lan pedagogikoaren gaineko kontrolik, “hezkuntza-baliorik gabeko aisialdiko jarduerak” egiten dituztela uste baita, baina zuzendariak azpimarratu du haien zeregin nagusietako bat "balioetan oinarritutako prestakuntza" dela. Balio horien artean nazionalismoa dago, "galdu dugun eta berreskuratu behar dugun zerbait", Gonzálezen hitzetan. Kanpalekua Don Pelayo deitzen da eta bere armarria Errekonkistako buruzagi mitikoaren irudia da, zulatzaile pala batek eta Espainiako Indar Armatuen fusila den HK batek gurutzatua, bandera nazionalaren gainean. Sinbologia hori eskuin muturrarekin lotzen bada ere, zuzendariak esan du kanpalekuan "balioez" hitz egiten dela eta balioek ez omen dutela “politikarekin zerikusirik”. Horren barruan, jende ugari dagoela azaldu du, “Voxekin zerikusirik ez duena ". Batzuk bai, hala nola Gema, koordinatzailea dena: Guadalajarako Torrejon del Rey udalerriko PPko zinegotzia izan zen lehen, eta iazko udal hauteskundeetan Vox alderdiko hautagaitzan aurkeztu zen. Bertako ekimenen izenek Espainiako iragan inperiala gogora ekartzen dute (Gran Capitán, Tercios de Lezo), eta zenbait kasutan, baita faxista ere (Millán Astray).

Legearen mugan

El Diario de la Educación egunkariko kontseilu editoreko Jaume Carbonellek azpimarratu duenez, aisialdiko eta denbora libreko jardueren inguruan hutsune legala dagoen arren, administrazioa "behartuta dago haurren eskubideak zaintzera", eta horietako bat doktrinatua ez izateko eskubidea da. Armen erabilerari dagokionez, simulatuak ere lekuz kanpo daudela dio, indarrean dagoen hezkuntza-legearekin kontraesanean dagoela azpimarratuz. Lege horren helburu eta printzipio nagusia honakoa omen da: "Bakerako hezkuntza, irakaskuntzan ez ezik, arlo guztietan ere: pertsonala, familiakoa eta soziala”. Dena dela, ez dago inolako prozedura legalik aktibatuta Don Pelayoren aurka.