argia.eus
INPRIMATU
Haur eskoletan euskarazko ehun plaza gehiago eskainiko ditu Iruñeko Udalak hurrengo ikasturtean
  • Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak

Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko martxoaren 10

EH Bilduko Iruñeko udal taldeak akordioa sinatu du PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiekin, Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza 102 plazatan handitzeko. EH Bilduk positibotzat jo du akordioa, eta adierazi du eskaintzen den plaza kopurua errealitatetik gertuago dagoela eta haur eta lehen hezkuntzako eskoletan matrikulatzeko benetako eskaerarekin bat egiten duela.

"Hainbat urtez Iruñeko gizartearen zati bat, euskara jazarriz eta zigortuz ikusezin bihurtu nahi izan duten politika euskarafobikoen ondoren, bideak irekitzeko borondateak batu ditugu", baieztatu du EH Bilduk. "Haur-eskolen euskara-eskaintza auzo gehiagora zabaltzea eta orekatzea adostu dugu, hiritarren eskaera historikoari erantzunez; eta, horretarako, azken urteetan egin dugun bezala, desberdinen arteko elkarrizketa ezinbestekoa izan da".

EH Bilduk ohar bitartez adierazi duenez, akordioaren ondorioz Printzearen Harresi eskolan 16 plaza gehiago egongo dira Arrosadian, lehendik zeuden 43 plazei gehituta, eta 46 plaza sortuko dira Mendebaldean, aurretik eskaintzarik ez zegoen lekuan. Guztira, euskarazko 59 plaza berri eskainiko ditu Udalak 2025-2026 ikasturterako.

Euskarazko eskaintza beste auzo batera zabaltzen da, Ermitagaña auzora hain zuzen ere, “lehen eredu horretan matrikulatzeko aukerarik ez zegoen zonalde batean. Donibane auzoko etorkizuneko eskolak ere, 43 plaza izango ditu euskaraz, eta horrek Iruñeko auzo guztietara eskaintza zabaltzen joateko bidean jarraitzen du. Horrela, euskaraz eskainiko diren plaza berriak 102 izango dira 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan”.

EH Bilduk azpimarratu du garrantzitsua dela euskarazko plazen zabalpena demandaren arabera handitzea, eskaintza orekatu ahal izateko, hiriko auzo guztietan modelo hori eskuratu ahal izateko. "Lanean jarraituko dugu hizkuntza-murgiltzea bermatuko duen haur-eskola eredu baten eta haurren garapena eta langileen lan-baldintzak lehenetsiko dituen proiektu pedagogiko bideragarri baten aldeko akordioak lortzeko", ziurtatu du.