argia.eus
INPRIMATU
Haur eskolak irekitzeko “interes ekonomikoak” daudela salatu dute sindikatuek
  • Ikasturte hasierarako prebentzio plangintza, baliabideak areagotzea eta ratioak murriztea eskatu dute sektoreko irakasleek.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 17a
Irakasleen mobilizazioa. Argazkia: ELA

Iragan astelehenetik zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak haur eskolak zabaltzeko aukera, hilaren 15ean, hain zuzen ere. Hainbat zentro pribatuk ateak zabaldu dituzte dagoeneko, eta patzuergokoek, berriz, ekainaren 22an egingo dute gauza bera. LAB, Steilas eta ELAk erabaki horren atzean “interes ekonomikoak” daudela susmatzen dute ordea. Halaxe adierazi zuten atzoko mobilizazioetan, eta ikasturtearen hasierako prebentzio plangintza egitea, baliabideak handitzea eta ratioak murriztea eskatu zuten, besteak beste.

Erabakiak hartzeko unean “aldebakarrez jokatzea” egozten diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. “Haurren eskubideak erdigunean jar ditzala” eskatu diote Cristina Uriarte buru duen sailari, bai eta “Haurreskolak patzuergoaren izaera pedagogikoaren aitortza egin dezala” ere.

ELA sindikatuak asteartean adierazi zuenez, ez daukate inolako planifikaziorik irailera begira. Sindikatuek ratioak murrizteko eta baliabideak areagotzeko egindako eskaerei, ordea, entzungor egin die Hezkuntza Sailak. Enpresak “gastua izozteko” eta Hezkuntza Sailari nahiz Eusko Jaurlaritzari “baliabide gehiago ez eskatzeko” erabakia hartu duela salatu dute. Ondorioz, negoziaziorako eta segurtasun neurrien aplikaziorako “kontingentzia planak” eskatu ditu ELAk.