argia.eus
INPRIMATU
Haur eskolak euskaraz eskatu ditu berriz ere Iruñeko Euskalgintzak
  • Ehunka lagun atera ziren ostegun honetako arratsaldean Sarasate Pasealekutik eta manifestazioa egin zuten Iruñeko Udal Plazaraino, eskatzeko udalari hiriko haur eskoletan euskaraz ikasteko eskubidea izatea lehentasunen artean jar dezala. "Haur eskolak euskaraz: eman haizea euskarari" goiburupean abiatu ziren.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko maiatzaren 17a
Manifestazioa Iruñeko Sarasate pasealekuan. (Argazkia: @IruñekoEuskalgintza)

Aspaldiko kontua da Iruñeko auzoetan haurrak euskaraz matrikulatzeko eskaera, baina baita aldarrikapenari bide emateko ezintasuna ere. Udalak hamabi haur eskola kudeatzen ditu eta gaur egun Txantrea auzokoan bakarrik matrikula daitezke haurrak euskarazko murgiltze ereduan. Beste hiru auzotan euskaraz eta ingelesez matrikula daitezke, eta beste batean euskaraz eta gaztelaniaz.

2015-2019ko Joseba Asironen lehen agintaldian lortu zen lau auzotan euskaraz matrikulatu ahal izatea, baina ondorengo UPNko udalek atzera bota zituzten lorpen horiek. Horregatik, Iruñeko Euskalgintzak (Haur Eskoletako gurasoak, Sortzen, AET, IKA, AEK eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuak) eskatzen du legealdi honetan berma dadila Iruñeko edozein auzotan haur eskoletan euskarazko murgiltze ereduan matrikulatu ahal izatea.

Manifestazioa udaletxe plazan bukatu zen eta bertan deitzaileek eskatu zioten udal gobernu osatzen duten indarrei –EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin– neurriak har ditzatela euskararen ordenantzak betetzeko eta behingoz gaiari behar bezala heldu dakion.

Asiron: “Legealdiko ikuspegia”

2025eko otsailean ARGIAri eskainitako elkarrizketan Joseba Asiron alkateak esan zuen 2024-2025ko ikasturterako zail izango zutela ezer egin ahal izatea, udal aldaketa egin berria zelako. Adierazi zuen beren zeregina izango dela “datozen hogei urteetako panorama diseinatzea”, eta zehaztu zuen ere legealdi honetako udalaren helburua: “Iruñeko edozein auzotan euskaraz ikasi nahi duen haurrak horretarako aukera izatea. Hori lorpen izugarria litzateke”.

 

 

Manifestazioa Iruñeko Udal Plazan bukatu zen. (Argazkia: @EHEbizi)