argia.eus
INPRIMATU
Haur bat hil da Moriako errefuxiatuen kanpalekuan gertatutako sutean
  • Astelehen goizean sutea gertatu da Lesbos irlako Moria kanpalekuan. Sei urteko haur bat hil da ondorioz.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 17a
Moriako kanpalekua (Argazkia: Berta Camprubí)

Ezbeharra astelehen goizean jazo zen, Greziako Lesbos irlan dagoen errefuxiatuentzako Moria kanpalekuan. Ondorioz, sei urteko haur bat hil da.

Sutea zerk eragin zuen ez dago argi, baina bertan bizi direnen segurtasunari dagokionez, kanpalekuko baldintzak ez dira mesedegarri. Irene Redondo kazetaria bertan da, eta El Saltori adierazi dioenez jendeak suak pizten ditu hotzari aurre egiteko. Hori horrela, “eta instalazio elektrikoaren egoera zein den ikusirik, halako zerbait gerta zitekeela aurreikusi zitekeen”. Moriako kanpalekuak 3.000 pertsona hartzeko gaitasuna du izatez, baina aspaldi gainditu du edukiera; egun, 19.400 errefuxiatu baino gehiago daude bertan.

Astelehenekoa ez da errefuxiatuentzako kanpaleku batean jazotako lehen sutea. Morian bertan irailean beste sute bat gertatu zen, eta hirugarren bat abenduan, Kara Tepe kanpalekuan; sute horietako bakoitzean emakume bana hil zen.

Kanpalekuak husteko beharrizana

Erakundeek beste behin azpimarratu dute errefuxiatuentzako kanpalekuak husteko beharra, hainbat arrazoirengatik.

Batetik, kanpalekuan baldintza negargarriak daude; errefuxiatuak pilatuta daude horietan, eta egoera larriagotu egin du Turkiak bere mugak zabaldu ondotik Greziako Gobernuak errefuxiatuei asiloa eskatzeko eskubidea bertan behera utzi izanak.

Horri gehitu behar zaio errefuxiatuak –baita GKEak eta kazetariak– azken asteetan faxisten partetik pairatzen ari diren indarkeria. Turkiak mugak ireki ostean, Greziako Poliziarekin batera ari dira faxista taldeak ere herrialdeko mugak ixten, eta erasoak ari dira egiten errefuxiatuei, kazetariei zein GKEei.

Guzti horri koronabirusaren mehatxua gehitu behar zaio. Aurreko astean detektatu zen lehen kasua irlan, eta Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak ohartarazi duenez, kanpalekuetan birusaren hedapenari aurre egiteko planik ez da. Ohar bidez adierazi zuenez, “kanpalekuko bizilagunen artean birusa hedatzeko arriskua ikaragarri altua da, saneamendu zerbitzu egokien faltagatik eta arreta mediku mugatuagatik”. Hala bada, kanpalekuan husteko berebiziko beharrizanaz ohartarazi zuten.