argia.eus
INPRIMATU
Haur bat eta bost emakume migratzaile, horietako bat haurdun, kalean lo egitera behartuta, aterpea ukatu dietelako
  • Bidean diren migratzaileentzako Irungo behin-behineko aterpean sartzea ukatu zieten, abuztuaren 26ko gauean, bost emakume (horietako bat haurdun) eta haur bati. Aterpea lortzeko aukera bakarra Bilbora itzultzea zutela esan zien Gurutze Gorriak. Bi emakumek erabaki zuten autobusean itzultzea (baina Bilbon inork ez zituen jaso eta lorategi batzuetan egin zuten lo); beste hirurek eta umeak Bilboraino bidaiatzeari uko egin zioten eta ondorioz beraiek ere kalean egin behar izan zuten lo.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko abuztuaren 28a

Irungo Harrera Sareak salatu du gertaturikoa. Euren esanetan, Gurutze Gorriak emakumeei azaldu zien Irungo aterpeak ez dituela beharrezko baldintzak betetzen emakumeak eta adin txikikoak modu egokian artatzeko, eta horregatik aukeratu behar zutela: edo Bilbora bueltatu, edo bitartekoak erabiltzeari borondatez uko egiten ziotela sinatu. “Oinarrizko beharrei erantzuteko bitartekoa ukatzeak, dauden egoera prekarioan egonda, areagotu egiten du haien zaurgarritasuna. Bidean atzera egitearen edo bitartekoei uko egitearen artean aukeratu behar izateak ez dirudi egokiena, bereziki laguntza humanitarioa eta soziala eskaintzen duen erakunde baten eskutik. Pertsona hauek, gehienetan, desorientatuta iristen dira, eta bidaian aurrera egitea da haien helburu bakarra”, dio Sareak.

Ohe hutsak

Jendeak kalean lo egin behar duen bitartean, Irunen harrerarako prestatu duten behin-behineko ikastetxean (argazkian) ohe hutsak uzten dituztela eta hainbati jatekoa ukatu zaiela ere salatu du Irungo Harrera Sareak. “Ulertezina iruditzen zaigu prestatuta eta ordainduta dauden baliabideak ez erabiltzea”. Betebehar horiek guztiak soilik Gurutze Gorriaren esku ez uztea eskatu diete erakunde publikoei, besteak beste.

Herritarrez gain, honako mugimenduek osatzen dute Irungo Harrera Sarea: Adiskidetuak, Amnesty International, Erletxea, Helduak, Hotz, Lakaxita Gaztetxea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Deshaucios, SOS Arrazakeria eta Zero Pobrezia.