argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak
  • Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz gozatzeko: ezagutu nahi zein idazlerenak izango diren sei liburu aurkezpenak? Zein musikarik joko duten lau kontzertu txikitan? Nork eskainiko duen haurrentzat ikusgarria, nortzuk arituko diren bertso-komikian, nor umorezko bakarrizketan? Aurtengoan Daniel Landart izango da omendua eta Arantxa Hirigoien antzerkigilearekin arituko da elkarrizketan Zubiburu mahai-inguruan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko maiatzaren 20a
Argazkia: Dani Blanco.

Ziburuko plaza euskarak hartzen du egun oso batez, ekaineko lehen larunbatean. Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera egunari, eta euskarazko letren munduan ekarpena egin duen pertsona bat omentzen da urtero. Aurten Daniel Landarten lanari egingo zaio aitortza –ondoko orrietan duzue Jenofa Berhokoirigoinek bere ibilbideaz egin dion elkarrizketa– eta Zubiburu mahai-inguruan parte hartuko du Arantxa Hirigoien antzerkigilearekin batera.

Irekiera ekitaldi horren ostean zabalduko ditu ateak azokak, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik bertaratuko diren euskaltzaleek hor izango dute aukera euskara hutsezko liburu eta diskoak deskubritzeko eta egileekin hitz egiteko. Aurten inoiz baino argitaletxe eta diskoetxe gehiago topatuko ditugu plaza osoa hartuko duen karparen azpian: 41 hain zuzen ere –36 izan ziren iaz–. Horietatik bederatzi lehen aldiz izango dira Ziburuko azokan: hiru diskoetxe edo autoekoizle, bi aldizkari eta lau liburu argitaletxe. Argitaletxe denen artean 120 metro erakusmahai beteko dituzte, orain arteko neurri luzeena –iaz 112 metro izan ziren–.

2024an argitaratutako uzta izango da protagonista egunean zehar, Herriko Etxearen parean horretarako egokituko den gunean egingo diren aurkezpenetan: Mattin Martiarenak Irritaia komikia aurkeztuko du, Yolanda Arrietak Etxe bat norberarena saiakera, Idoia Torregaraik eta Zaldieroa-k Mikroipuinak ipuin ilustratua, Eider Behobidek berak itzuli duen Mohammed El Kurd-en Rifqa liburua, Mikel Etxaburuk Manttalingo alaba poema liburua eta Bea Salaberrik Mesfida zaitez nobela.

Plaza, berriz, musikak hartuko du, egunean zehar egingo diren kontzertu txikietan: Lumi, Bloñ, Hegazkin eta Pelax entzun ahalko ditugu zuzenean.

Haurrek ere izango dute beraientzako gune eta unea: 11:00etan Iturri Zaharrean haurrentzako ipuin kontaketa egingo du Kiribil konpainiak. Eta hitzekin zein irudiekin jolastea maite duten adin guztietako belarri zein begien gozamenerako, 12:30ean Zirriborroka bertso eta marrazki dema egingo dute Mattin eta Amane Apalategi marrazkilariek eta Maddi Ane Txoperena eta Maddi Sarasua bertsolariek. Bazkalostea girotuko du 15:30ean Txikik, 40 urte eta maldan behera niek bakarrizketarekin.

Zuzeneko emanaldien amu horiei denei mizkin egiten dietenentzat, hor dago Ziburuko hondartza, eskuratu berri izango ditugun liburu zein diskoak gozatzeko.

"Euskara ala ezkara" irakurketa plazaratu dute azokaren antolatzaileek.

Hona 2024ko azokaren afixa, Adur Larreak egina: