argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira Nafarroako Mendialdean Ogasunari diru gehien zor diotenak
  • 13/2000 Foru Legeak dioena betez eta azkeneko urteotan irekitako bideari jarraituz, Nafarroako Ogasunak maiatz hondarrean argitaratu zuen zordun nagusien zerrenda. 580 zordunek osatutako zerrenda horretan badaude hainbat gure eskualdekoak direnak. Bakar batzuk kiebra jo eta aspaldixko itxi zutenak dira, Doneztebeko Aparan SL konparaziora, eta baita gaur egun jardunean daudenak ere, Txarandaka edo Maderas Zabala, bertzeak bertze.

Erran .eus @erran_eus 2018ko uztailaren 04a
Nafarroako Ogasunak 139,1 milioi euro berreskuratu zituen iaz. (Argazkia:erran)

580 zordunek 270 milioi euro zor diote Nafarroako Ogasunari. Luis Esain Nafarroako Ogasuneko zuzendariak ezagutzera eman duenez, zerrenda hori aterako dela jakinarazteak ez du disuasio neurri gisa balio, nahiz eta helburu hori bilatu. Nahiz eta ordaintzeko hiru hilabeteko epea eman, gehienetan ez da zorra itzultzen, eta, ondorioz, zerrenda argitaratu egiten da. Zerrenda argitaratzea 13/2000 Foru Legeak babesten du.

Ogasunarekin zorra bortz urteren buruan iraungitzen bada ere, zerrenda karrikaratuta, epea urtebetez luzatzen da, eta ez bada ordaintzen hurrengo urtean berriz ezagutzera emanen denez, etengabe iraun dezake. Luis Esainen arabera, batzuek fede txarrez jarduten badute ere, krisiaren gordintasunak eta enpresa gobernatzen “abileziarik ez izateak” eraman dezake enpresa bat edo haren kudeatzailea zor handia pilatzera.

Nafarroako Gobernuak 139,1 milioi euro berreskuratu zituen iaz iruzur fiskalaren aurkako borrokaren bitartez, 2016an baino % 21,5 gehiago.

Ia dozena bat gure lurraldekoak dira

Gure lurraldean dozena bat inguru enpresa eta pertsona dira Ogasunarekin 120.000 euro baino gehiagoko zorra dutenak. Horietatik aipagarriena Doneztebeko Aparan SL da. Kiebra jo eta aspaldixko itxi bazuten ere, urteen joanean 1.159.155,47 euroko zorra utzi dute metatua. Egoera berean dago Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL. Aspaldixkotik itxia da hau ere eta Nafarroako Ogasunarekin duen zorra 468.792,45 eurokoa da.

Metatutako kopuru osoagatik aipagarria da Berako Txarandaka SL eta Irigoyen Garcia Juan Ignaciok duten zorra: 974.617,50 euro lehenaren izenean eta 412.432,19 euro bigarrenaren izenean. Alkaiagako industrialdean dagoen Bera Rubber’s SL-k ere, 158.521,73 euroko zorra du Ogasunarekin.

Zorra duten bertze enpresa batzuk, aldiz, higiezin eta eraikuntzaren sektoreari lotuak daude. Konparazio batera Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay-k 262.453,45 euroko zorra du, Egoki Leitzakoa SCL-k 150.161,24 euroko zorra eta Elizondoko Construcciones Baztangoiza SL-k 178.577,48 euroko zorra. Nafarroa osoko datuak hartuta, zorraren % 42,8 higiezin edo eraikuntzaren sektoreari lotua dago. Ageri da burbuilaren leherketak bete-betean eragin dion sektorea dela.

Albiste hau erran.eus -ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.