argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira Europako Batzordearen planak larrialdi ekonomikoari erantzuteko
  • Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteazken honetan aurkeztu du COVID-19aren aurrean EBk izango duen errekuperazio ekonomikorako plana. Egitasmo hori gakoa da krisi berritik Europar Batasun are asimetrikoagoa atera ez dadin eta kide diren estatuen arteko eztabaida handi samarren artean egosi da.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 27a
Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidentea (argazkia: Alemaniako Gobernua).

Batetik, Europa hegoaldeko estatuek geldialdi ekonomikoaren kalteak ikusten hasi zirenean mahai gainean jarritako zorren mutualizazioa; bestetik, Europa erdialdeko eta iparraldeko zenbait estaturen jarrera –Herbehereak, Austria, Suedia, Danimarka– gutxi gorabehera bakoitzak babak bere eltzetik ateratzea planteatzen duena; eta erdian, ardatz franko-alemaniarra, Europar Batasunaren benetako orkestra zuzendaria, tarteko oreka baten bila.

Emaitza: Europar Batzordeak inoiz egin duen zorpetze-planik handiena, 750.000 milioi euro, gehienak estatuei transferituko zaizkienak eta itzuli beharko ez direnak (500.000 milioi) eta gainontzekoak kreditu bidez banatuko direnak. Zifra handiak dira, erraldoiak, eta historikoak, lehenbiziko aldia izango baita Europar Batasuna finantza merkatuetan zorpetuko dena. Baina hala ere, jarritako dirua urrun geratu da Europako Legebiltzarrak hilabete honetan bertan eskatutako bi bilioietatik.

Europar Batasunak hurrengo zazpi urteetarako (2021-2027) gastu-sabaia asko igotzea aurreikusi du eta horri esker espero dute kapitalen merkatuetan errekuperazio planerako funtsak eskuratzea. Von der Leyen buru duen erakundeak zordun fidagarria dirudi eta horregatik, epe oso luzerako maileguak izan arren –30 urterako izatea da landu den hipotesia– interes altuegiekin ez aurkitzea aurreikusi du Europar Batzordeak.

Zerga digitalak eta zerga berdeak

Nondik aterako ditu, ordea, maileguak itzultzeko diruak krisiak jotako Europa batek? Bruselan “baliabide propio berriak” aipatzen dira, alegia, klimarekin eta enpresa handiekin lotutako zerga berriak. Alde batetik, tasa digitalak, Google, Facebook eta antzeko beste korporazio erraldoiei ezarriko litzaizkiekeenak –nahiz eta oraingoz horrelakoen inplementazioak ez duen arrakasta handirik izan kide diren estatuetan–. Bestetik, karbonoaren emisioetan eskua sartzea zergen bidez, gehiago kutsatzen duenak gehiago ordain dezan.

Von der Leyenen planak formulatzeko problemak izan baditu, aurrerantzean aurkituko dituen oztopoak ez dira txikiagoak izango ordea: ez da nahikoa izango neurri horiek EBko 27 gobernuek onartzea, parlamentuek ere berretsi beharko dituzte eta horrek eragingo du neurriak asko atzeratzea. Beraz, epe laburrean estatuak ataka baten aurrean izango dira: EBk eskatuko duen ahalegin ekonomikoa handiagoa izango da; ordaindu ezin bada, EBren babes ahalmena txikia izango da.

Kontrol mekanismoak

Beste puntu gatazkatsu bat Von der Leyenen planeko laguntzak jaso ahal izateko estatu bakoitzak egin beharreko etxeko lanak dira: inbertsio eta erreforma plan bat aurkeztu beharko du estatu bakoitzak, jasotako dirua nola erabiliko duen zehaztuz eta behin funtsak eskuratuta ere, kontrol mekanismo handiagoak aurreikusi dituzte.

Laguntzen lehenbiziko zatia izango da funtsezkoena, diruaren %80 hor egongo da eta estatuei zuzenean emango zaie. Planaren bigarren zatia, %15 inguru, enpresak babestera zuzenduko da, haien inbertsio gaitasuna handitzeko nagusiki. Eta hirugarrena berriz, osasungintza eta ikerketara zuzenduta egongo da.