argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira emakumeei danborra jotzen uzten ez dieten Donostiako bederatzi elkarteak
  • Larunbata honetan gauerdian lehertuko da Donostiako festa handia, San Sebastian egunez, eta ohi bezala dozenaka danborrada aterako dira kalera. Oraindik badira emakumeak baztertu eta baldintza beretan parte hartzen uzten ez dietenak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 17a

Denera 147 danborrada aterako dira kalera aurten eta 18.000 lagunetik gora hariko dira danborrak astitzen. Donostiako Udalak emandako datuen arabera, 7.681 emakumek eta 10.718 gizonek hartuko dute parte. Lehen danborrada "mistoa" 1980an atera zenetik, pixkanaka gero eta gehiago izan dira emakumeak baldintza beretan onartu dituzten elkarteak. 2009an Udalak erabaki zuen diru-laguntzarik ez ematea emakumeak baztertzen zituzten elkarteei.

Hala ere, oraindik badaude soilik gizonezko danbor jolez osaturiko danborrada diskriminatzaileak. Zein dira? Estitxu Zabala Irutxuloko Hitzako kazetariak eman du zerrenda Twitter bidez: Amigos del Europa, Club Cantabrico, Catedral Centenario Asociacion, Gizartea, Ondar Gain, Sociedad Recreativa Antonio Bar, Aizepe S.G, Ollagorra, eta Zubi Gain.

 

Elkarte askoren izaera matxista

Danborradan bederatzi elkarte hauek dira emakumeei danborra jotzen uzten ez dietenak. Hala ere, badaude emakumeei danborradako erabakiguneetan parte hartzen uzten ez dieten elkarteak, baita bazkide izan edo sukaldera sartu ezin direnak ere. Errealitate horrek ikerketa sakonagoa merezi du.