argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira babestu beharko genituzkeen lurrak, bioaniztasuna segurtatu eta klima egonkortzeko
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 09a

Kilometro koadroko pixel bat. Horraino iritsi da Global Safe Net (GSN) munduan babestu beharreko lur eremuak mapeatzeko orduan. Berrikitan argitaratu ditu bere ikerketaren ondorioak, eta webgune bat ere atondu du, azaletik azalera ikusteko zein diren espezieen kontserbaziorako natur guneak nola karbonoa biltegiratzeko biomasen eremuak.

Askotan bananduta ageri zaizkigun arren, biodibertsitatearen galera eta klima larrialdia eskutik datoz. Are gehiago, munduaren berotze globalaz gain, gizakiarentzat beste mehatxu batzuk ere agerian jarri zaizkigu Covid-19aren pandemiarekin: zoonosiek eragindako gaixotasunak. Munduko bizitza ororentzat etorkizun ilun hori saihesteko, beharrezkoa litzateke orain duguna baino askoz ere lur eremu gehiago babestea.

GSNek dioenez lurrazalaren erdia bermatu beharko litzateke zeregin horretara. Egun, 20 milioi kilometro koadro daude babestuta, eta 67 milioi kilometro koadro beharko liratekeela dio proiektuak.

Zehazki, egun babesturik dauden eremuez gain, lurrazalaren beste %30 identifikatu dute espezieen aniztasuna eta ugaritasuna kontserbatzeko ezinbesteko bezala; bereziki Siberian eta Kanadako iparraldean daude, baita Brasil, AEB, Australia eta Txinako habitat zabaletan ere, natur aberastasun handikoak. Gainera, lurrazalaren %5 gehiago karbono-biltegi bezala erabili beharko litzateke, “klima egonkortzeko”. Denera, beraz, Munduaren erdia.

Basoa Puerto Ricon (ag.. GSN / Gregoire Dubois)

Gizakiak urbanizaturiko dentsitate altuko guneak eta nekazaritzara emanikoak ez dira kontuan hartu mapa osatzerako garaian, bai ordea gizaki gutxi bizi direnak edo urrunekoagoak. Zentzu horretan, ikerketak arreta berezia jarri die lurralde indigenei, babestu beharreko guneen %37 osatzen baitute: “Horrek erakusten du herri indigenek eta euren lurrek eginkizun garrantzitsua dutela biodibertsitatea eta Lurreko atmosfera zaintzeko”.

Beste ondorioetako bat da desagertzeko arrisku larrian dauden espezieak babesteko nahikoa litzatekeela soilik lurren %2,5 gehiago babestea –egungoez gain–, eta hori gauzagarria litzatekeela bost urteren buruan.

Lur autoktonoen inguruko erreklamazioei kasu egitea, Parisko klimaren gailurrean hitzemandakoa betetzea eta Naturaren Aldeko Akordio Globala aurrera eramatea funtsezkoak direla deritzote ikerketaren sinatzaileek. Gogorarazi dute COVID-19aren pandemiarekin estatuek erakutsi dutela gai direla milaka milioi diru mobilizatzeko, eta kasu honetan ere gauza bera egin beharko luketela.  

Eta Euskal Herrian zer?

Mapak hamaika biodibertsitate geruza gainjartzen ditu (babestu beharreko espezieen sail handiak, fenomeno arraroak, ukitu gabeko lurrak…) eta eremuen arteko korridoreak ere identifikatzen ditu, batez beste 2,5 kilometro zabalerakoak. Eko-eskualdeka eta herrialdeka kontsultatu daitezke datuak.

Euskal Herriari dagokionez, Kantauri, Iberiar Penintsula eta Pirinioetako basoen eko-eskualdeak bereizi daitezke. Bertoko lurren zati bat jadanik babesturik dago, Parke Natural eta antzeko sareen bidez, baina horrez gain, Nafar Pirinioetan oso-osorik mantendu diren “eremu basatiak” ere babestu beharko lirateke, baita biomasa handiko lur-sail ugari ere, kasu honetan lurralde guztietan erabat barreiatuak, hala nola Bortzirietan, Malerrekan, Altzanian edo Uribarri urtegiaren iparraldean.    

Euskal Herrian, Nafar Pirinioetako "eremu basatiak", biomasa biltzen duten gune txiki ugari eta korridore ekologikoak babestu beharko lirateke, gaur egun babestuta daudenez gain.

Eremuen zatikatze gehiegizkoak halabeharrean dakar korridore ekologiko ugari ezarri behar izatea; Euskal Herriaren kasuan oso nabarmen ikusten da hori. Esaterako, Gipuzkoan Aiako Harria eta Pagoeta parke naturalen artean dauden Andatza, Belkoain edo Zubietako gainak –erraustegia barne– zeregin horretarako babestea proposatzen du Global Safe Net proiektuak.