Apirilaren hasieran 30 bertsolarik ekin zioten Arabako Bertsolari Txapelketari eta bide hori dagoeneko finalaurrekoetan sartu da. Hamabi bertsolari hauek lortu dute finalaurrekoetara sailkatzea: Manex Agirre, Asier Otamendi, Unai Anda, Iñaki Viñaspre, Andere Arriolabengoa, Xabi Igoa, Oihane Perea, Peru Abarrategi, Maddi Agirre, Paula Amilburu, Felipe Zelaieta eta Rikardo Gonzalez de Durana.
Final laurdenetako hiru saio jokatu dira maiatzeko lehen bi asteburuetan eta saio hauetan lehenengo geratu den bertsolariak zuzenean eskuratu du finalerdietarako sarrera. Gainerako bederatziak, sailkapen taulan lortu dituzten puntuen arabera sailkatu da (hemen ikus daiteke final laurdenetako sailkapen taula).
Araian jokatuko da finalaurrekoetako lehen saioa, maiatzaren 28an. Bertako Andra Mari aretoan arituko dira, 17:30etatik aurrera sei bertsolari hauek: Andere Arriolabengoa, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Maddi Agirre, Oihane Perea eta Unai Anda.
Bigarren finalaurrekoa Izarran jokatuko da biharamunez, maiatzaren 29an. 17:30etatik aurrera Kultur Etxean arituko da seikote hau: Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabi Igoa.
Finalean sei bertsolari arituko dira, ekainaren 11n Gasteizko Maria de Maeztu auditorioan. Finalerdietako bi saioetan lehengo geratzen diren bi bertsolariak zuzenean pasatuko dira finalera eta gainerako lauak finalaurrekoetan lortzen dituzten puntuen arabera sailkatuko da.