argia.eus
INPRIMATU
Hauek dira Arabako Bertsolari Txapelketako finalean lehiatuko diren sei bertsolariak
  • Maiatzaren azken asteburuan jokatu dira finalerdietako bi saioak eta Oihane Perea eta Manex Agirre zuzenean sailkatu dira, bakoitza bere saioan nagusitu baita. Gainerako lau bertsolari hauek, puntuen arabera sailkatu dira finalerako eta denak dira Izarrako finalerdian kantatu zutenak: Peru Abarrategi, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Paula Amilburu. Finala ekainaren 11n jokatuko da Gasteizen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko maiatzaren 31

Apirilaren hasieran 30 bertsolarik ekin zioten Arabako Bertsolari Txapelketari eta hainbat galbahe pasatuta, hamabi bertsolari aritu dira finalaurrekoetan, eta hauetatik sei dira finalean kantatzeko ohorea izango dutenak. Hemen ikus daiteke nola gelditu den finalaurrekoetako puntuaketen taula.

Finala ekainaren 11n jokatuko da Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu auditorioan, arratsaldeko 17:30ean.

Finalaurrekoetan kantatu duten bertsolariak

Maiatzaren 28an Araian jokatu da lehen finalaurrekoa. Saio honetatik zuzenean sailkatu da Oihane Perea finalerako, saio horretan lehena izan zenez. Araian kantatu zuten gainerako bost bertsolariak hauek dira: Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Andere Arriolabengoa, Maddi Agirre eta Unai Anda.

Biharamunez, maiatzaren 29an Izarran jokatu da bigarren finalaurrekoa. Bertan lehena izanik zuzenean finalerako sailkatu dena Manex Agirre izan da. Eta kantuan aritu diren gainerako bost bertsolariak hauexek: Peru Abarrategi, Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabi Igoa. Saio honetatik Gonzalez de Durana ez beste guztiak sailkatu dira finalerako.