argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Hau ez da nire belaunaldikoa
Behe Banda 2024ko azaroaren 18a
Behe Banda

Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken ihesaldi baten aukeran galtzea, arazoa beste norbaitentzat izan dadin pixka bat borrokatzea.

Ondo, lasai, ondo biziko gara.

Ez dut nahi karikatura batean erortzea, baina injustua iruditzen zait jada honetan konpentsaziorik egitea, erdibidekoa bilatzea, borondate onarekin konformatzea,

bai, ulertzen zaitut

esatea.

Pentsatzen dut zertaz idatzi behar dudan eta gorrotatzen ditut bere buruaren militante diren hitzak: iraultzaren definizioari iskin egin eta alternatiba, bizi ez zarela dirudien lo horretan antolatzea.

Barruraino sartuta kapitala

(Kapitala hitz jatorra burgesia ordezkatzeko, red flag).

Umiltasun makurrez konpromiso osoan emandakoarekin diote akats bat izan dela, nahigabe bozkatutakoa, zinez ez babestutakoa… eta tarte libre bat ateratzen dute nire klaseaz aritzeko.

Errugabea errudun sentitzen da munduaren morrontza guztien jabe izanik, zer egin ez duela konbentzitu dutenean, eta era berean, garaitua galtzaile sentitzen da desjabetze horretan irabazteko besterik ez duenean. Atsedena behar dugu eta hau soilik indarrez emango da:

  • Kalitatezkoa

  • Doakoa

  • Unibertsala

  • Den-

  • Dena

  • Nahi dugu.

Ni gaztea nintzenean

Ni gaztea naizenean.

Red flag

Bandera gorria.

Norbaitek esan zuen hau hemen ARGIAn eta uste dut hortaz arituko dela aste honetan Euskal Herrian:

“Ez dut izan nahi idazle bat burgesiaren kontra idazten duena baina ez daukana arazorik burgesiarekin; ez dut izan nahi idazle bat bere klasearentzat idazten duena baina ez dena bere klasearen alde borrokatzen. Hipokrita eta faltsua iruditzen zait, nazka ematen dit. Hala ere, ez dut hori epaitzen; batzuetan moralistegia naiz. Baina niri, egia esan, jarrera horrek nazka ematen dit, eta ez nuke lasai lo egingo gauez”.