argia.eus
INPRIMATU
Hau ez da greba bat
  • Gasteizko Udaltzaingoaren “arretazko greba” honi amaiera emateko hainbat saiakeraren ondoren, jende askok partekatzen duen zerbait adieraztea gustatuko litzaiguke.

Astindu @astindugasteiz 2018ko otsailaren 27a

Azken hilabeteotan, ikusi dugu nola isunduak izaten ari garen gorriak ikusten ari garen hainbat familiak, dela bizikletan txirrinik gabe ibiltzeagatik, dela beti aparkatu dugun tokian aparkatzeagatik. Hori guztia greba itxura gutxi duen arretazko greba honen izenean.

Ez dugu ulertzen nola dei dakiokeen greba horrelako jarrera bidegabe, insolidario eta errespetugabe honi. Batez ere, greba bat horren kontrakoa delako. Greba bat elkartasuna, klase konplizitatea, justizia eta errespetua da. Adibide bat jartzearren, Arabako Kirol Jardueretako langileek egin zutena da greba bat. Langile hauek azpikontrata eta Udalarekin akordio falta izanik, umiltasun eta errespetuz kalera atera eta herritarren konplizitatea bilatu zuten. Udaltzaingoaren “greba” honetatik urrun dagoen zerbait.

Badirudi, zenbait udaltzainen iritziz herritarrok garela haien eta udalaren arteko akordio faltaren errudunak. Berdin zaie azken urteetan gogoratzen dugun gizartearen pobretzearen garai gogorrenak bizitzen aritzea, gazteok langabezian egotea edota gure pertsona nagusiak inoiz baino pobretuago egotea. Gazteleraz esaten den moduan “el que la hace la paga”. Eta ez protestatu, ea ez ote dizuten zuri ere beste isun bat jarriko.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Udaltzaingoa dela sektore prekarizatuenak argi gabe utzi eta etxegabetzen dituena. Baldintza sozial hobeen alde modu zilegi batean borrokatzen garenon kontra Mozal Legea aplikatzen digutela ere aipatu behar da.

Esan bezala, hau ez da greba bat, hau zentzugabekeria hutsa da, askok gogoratzen dugun egoera sozioekonomiko gogorrenetariko batean iristen den zentzugabekeria. Aski da! Ez zarete grebalariak, horren kontrakoa zarete.

GORA LANGILEON BORROKA!

Astindu, Gasteizko Langileon Elkartasun Sarea

Zabaltzen lagundu nahi baduzu, hemen duzu txioa.