Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du politika austeriziden itzulerak.
Ez da 2008ko krisiaren ondoren inposatutakoaren adinakoa izango, baina aditu guztiak bat datoz zartako gogorra etor daitekeela 2024an. Pandemiari eta azken urteetako krisi sozialei aurre egiteko politika ekonomiko espantsiboekin amaitu eta berriz ere "normaltasunera" itzultzea agindu dute Europar Batasuneko herrialde ortodoxoenek: defizit eta zor-muga zorrotzetara itzultzea, alegia.
Ecofin ekonomia eta finantza ministroen kontseiluaren pasa den asteko bileran hartu dute erabakia 27 herrialdeek. Horrela, gehienez ere %3ko defizita eta BPGrekiko %60ko zor publikoa eduki ahal izango dute EBko kideek; herrialde gogorrenen jarrera nagusitu da, batez ere Alemaniarena, baina baita Herbehereak, Austria, Suedia eta Danimarkarena ere.
Horretarako, "ihes-balbula" edo malgutasun bat izango dute gutxienez: herrialde zorpetuenek –%90etik gorako zorra dutenek– euren zorra urtez urte gutxitu ahal izango dute, batez beste puntu bat urtero; eta %60-90eko tartean daudenek puntu erdi baino ez dute gutxitu behar izango zor hori. Azken klausula horrek ahalbidetu du akordioa, Frantziako eta Espainiako estatuek eta Italiak onartu ondoren.
Gainera, arau fiskal horiek betetzen ez dituzten herrialdeei isun "onargarriagoak" ezarriko zaizkie, sei hilero ordaindu beharko dituztenak. Baina Ara.cat hedabideak azaldu duen moduan, pilatzen joaten diren isunak ordaindu behar izango dira hala ere, inongo mugarik gabe.
Orain arte herrialdeek modu kamuflatuan egindako zerbitzu publikoetako murrizketen –osasungintzan eta hezkuntzan, besteak beste–, olatu berri bat antzeman daiteke ortzi-mugan.
Lurreratze "brutala"
2020tik aurrera, pandemiarekin kateatu diren krisi sozialen zabalpena saihesteko, beste politika fiskal bat ezarri zuen EBk; baina horrek ez zuen eragotzi prekarietatea eta txirotasuna handitzea eta "milioika lagunen sufrimendua" eragitea, Zor Bidegabea Abolitzeko Komitearen (CADTM) webgunean Felipe Milinek idatzi duenez.
Izan ere, Milinen esanetan azken urteetako neurriak "marko kontzeptual neoliberal" baten barruan hartu dira berdin-berdin. Esaterako, laguntzak enpresa handien talde txiki batengana baino ez dira iritsi, "europar txapeldunak" deiturikoak, mundu mailako merkatuan lehiatu daitezen.
Hedabide ugaritan txalotu duten ustezko malgutasunak, aurrezkiaren erreinu ilunera zenbait herrialdek egin beharko duten lurreratzea hain "brutala" ez izatea du helburu, besterik ez
Milinek azaldu du gaur egungo inflazioaren arazoa ez duela gehiegizko likideziak sortu, baizik eta hornidura kateen etenak, eta hortaz, austeritate politikek atzeraldiaren hasiera azkartu baino ez dutela egingo.
Hedabide ugaritan txalotu duten ustezko malgutasunak, aurrezkiaren erreinu ilunera zenbait herrialdek egin beharko duten lurreratzea hain "brutala" ez izatea du helburu, besterik ez.
Eta klimaren osasuna, zer?
Diru publiko gutxiagorekin, nola bete Europako Paktu Berdea? Hori galdetu du askok orain. Paktu horren helburuak bete ahal izateko 620.000 milioi euro beharko direla dio Europako Batzordeak.
Europako alderdi berdeek eskatu dute arau fiskal berriek ez eragitea trantsizio energetikorako bideratutako aurrekontuei –esaterako erregai fosilak gutxitzea helburu dutenei–, kasu horretan zorpetze publikoa handiago izan dadin, baina ez da halakorik onartu.
"Huts egin duten errezetekin, finantza ministroak tematzen dira kontu publikoen eta ekonomiaren osasuna bilatzen, ekosistemen eta gizartearen osasuna zaindu gabe", azaldu du Greenpeaceko Carlos García Paretek El Salto-n. Austeritate "edulkoratura" itzultzea "oso albiste txarra" da beretzat.
Hil berri den Wolfgang Schäuble alemaniar finantza ministro-ohiak eta bere enparau ultraortodoxoek 2010eko hamarkada osoan inposaturiko austerizidio-aren bigarren kapitulu bat hasiko dugu beraz. Ongi etorri, hau 2024 urtea da, urte "normal" bat Europa neoliberalean.