argia.eus
INPRIMATU
Hatortxu Rock jaialdia larunbatean
  • Ekainaren 1ean izango da Hatortxu Rocken 15. edizioa Atarrabiako Entrecementerios eremuan. 18:00etatik aurrera, euskal presoei elkartasuna adieraziko diete hainbat musika taldek, antolatzaileek “edizio berezia” deitu dioten honetan.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 31

Aurtengo kartela talde hauek osatzen dute: Iheskide, Riot propaganda, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, La jodedera eta DJ Jotatxo izango dira partaideak. Aurreko edizioetan baino talde gutxiago izango dira; beraz, emanaldi luzeagoak egingo dituzte, bi ordukoak gutxi gorabehera.

Sarrerek 20 euro balio dute aurrez erosten badira, eta 25 euro bertan.

Neguan egin ohi den jaialdi hau udaren hasierara aldatu dute antolatzaileek. 15 edizio zuek gabe, 15.000 kilometro zuekin lema erabili dute aurtengo ekimenerako. Udan egin ohi diren jaialdi gehienak ez bezala, hau ez dela “kapritxoz” egiten gogorarazi dute antolatzaileek ekimenaren webgunean:

“Hatortxu Rock, musika eta elkartasunaren jaia ez da kapritxoz egiten, jaialdi handiak egiteko modaren batengatik ere ez. Herriak sortu du, herriarentzat egiten da eta, hasieratik bezala, beharrak hala eskatuta. Eta baita harrotasunagatik ere, zergatik ez? Boterearen xantaia saiakerak ugariak izan diren arren, presoak dauden tokian han egongo delako herria ere”.

Hemen ikusgai aurtengo Hatortxu Rockeko promoa.