Antolatzaileek azpimarratu dute nahiz eta euskal preso politikoen dispertsioaren mapa txikitu den, oraindik ere beharrezkoa dela elkartasun jaialdia, “helburua guztiz bete arte”. Gainera, beste jaialdi bat antolatzen ari dira uztailaren 29 eta 30erako. Atarrabian ospatuko da jaialdia.
Aurten berriro itzuliko da Hatortxu Rock jaialdia Atarrabiara. Iaz pandemiagatik ezin izan zuten betiko elkartasun jaialdia ospatu, baina orain aurkeztu dute 25. ediziorako data berria: abenduaren 18a. Sarrerak urriaren 17an jarriko dituzte eskuragarri www.hatortxurock.eus webgunean 20:00etatik aurrera, eta datozen asteetan ezagutaraziko dituzte kontzertuetako taldeak zein informazio osatuagoa. Irabaziak, betiko moduan, “dispertsioaren aurkako lanera” bideratuko dituzte.
Pandemian “ahal zen neurrian” lanean jarraitu dutela jakinarazi dute, zeren oraindik beharra ikusi baitute euskal preso politikoen senideek pairatzen duten dispertsio politika salatzeko eta horrek dakartzan gastu ekonomiko “izugarriei” aurre egiteko. Halere, bitarte horretan egondako albiste onak gogorarazi dituzte, hala nola, preso politiko gutxiago daudela eta beste asko gerturatu egin dituztela. Dena den, espetxean dauden ia 200 pertsonak etxeratu arte lanean jarraituko dutela azpimarratu dute Hatortxu Rockeko laguntzaileek.
Udan bi eguneko jaialdia
Abendurako prestatu duten jaialdian COVID-19aren osasun-neurriak beteko dituzte, eta horren arabera moldaketak egon ahalko direla onartu dute, betiere “arduraz jokatuta”. Pandemiak sortu dien hutsunea kontuan hartuta, erabaki dute orekatzeko udan beste hitzordu bat antolatzea: uztailaren 29an eta 30ean Atarrabian elkartuko dira, beste behin, osasun egoerak onartzen badie, behintzat.