2024ko abenduan eta 2025eko uztailean egingo dituzte euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasuna ardatz duen musika jaialdiaren azken bi edizioak. “Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”.
“Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen errealitateari elkartasunetik erantzun eta haien auzia gizarteratzeko helburuarekin antolatzen hasi zen jaialdiak bere azken bi edizioak ospatuko ditu”. Asteartean iragarri du bere bidearen amaiera Euskal Herriko musika jaialdirik entzutetsuenetakoak, ohar baten bidez. “Helburu genuen dispertsioaren amaiera lortuta baina haien etxerako bidean egiteke dagoenaz jakitun, erarik onenean eman nahi diogu amaiera”, azaldu dute. 1999an ospatu zen Hatortxu Rock estreinakoz.
Azken bi edizioak izango ditu Hatortxuk 2024an eta 2025ean. 2024ko edizioa ohiko formatu eta datetan iragarri dute: abenduaren 28an izango da egun bakarreko jaialdia. 2025eko edizioa, behin betiko agurrarena, berezia izango da, “lau eguneko jaialdi historiko batekin” eta udan, uztailaren 24tik 27ra bitartean. Ez dute egitaraurik jakitera eman, baina bi edizioetarako sarrerak salgai daude jada hemen.
Elkartasunerako erreminta berriak
“Jaialdia bere amaierara heldu da baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa du oraindik”, azpimarratu dute Hatortxutik. “Bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek” euskal preso, iheslari eta deportatuen alde egiteko “forma berriak ezinbesteko” egiten dituztela iritzita, ohartarazi dute: “”Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”. Erreminta eta bide berriak garatzeko herritarren ahalean konfiantza agertu dute jaialditik.
“Hatortxu Rockek bere onena emanez joko ditu azken akordeak, egoerak eskatzen duen bezala, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Beste behin ere, musika erdigunean jarriz, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez milaka pertsona elkartuz”, amaitu dute.