argia.eus
INPRIMATU
Hatortxu rock jaialdia etxetik jarraitu ahal izango da aurten
  • Hatortxu rock, euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko urteroko elkartasun ekimenaren 24.edizioa etxetik jarraitu ahal izango da. Osasun krisiak kulturan eragindako egoera kontuan hartuta, inoiz baino "behar" handiagoa dagoela adierazi du antolakuntzak. Abenduaren 26an izango da.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 02a
Hatortxu Rock 24. edizoko kartela

Bakoitzak bere etxetik gozatu beharko duen jaialdia izango da 24.a, aurreko edizioekin alderatuta. Eskaintza berezia izango da aurtengoa eta "horretarako lanean" ari direla aitortu du antolakuntzak . 21 urteren ostean, aurtengo edizioa bertan behera geratzeko aukerak bazeuden ere, kulturaren alde apostua egin dute. 

Hatortxu Rock honetan bakarrik gozatu ahal izango diren izen, abesti eta ikuskizunak eskainiko dira. Musika izango da protagonista, baina beste errepresentazio artistiko batzuek ere izango dute lekua. Horrela, hainbeste urtetan ekitaldian egon diren artista horiei guztiei egindako ahalegina eskertu eta itzuli nahi die. Bad Sound, DJ Reimy Suaia eta Ama Rebel eta Nerabe, izango dira ikuskizunetako batzuk. 

Pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreak gogoratu dituzte: presoak eta kultura. Horregatik, lanean jarraitzeko eta jaialdia aurrera ateratzeko "beharra" azpimarratu dute, "berezia" izango den arren. “Astebururo 1.000 kilometro egiteak suposatzen duen gastuek hor jarraitzen dute eta, aldiz, diru-sarrerak, gehienak herri mugimenduak antolatutako ekimenetatik zetozenak, eten egin dira pandemiak ekimen guzti horiek bertan behera utzi eta gero”, azpimarratu dute.

"Aurten internet bidez jarraitu beharko da Hatortxu Rock jaialdia, baina, zinez, mereziko duen zerbait eskaintzera gatoz. Haiek merezi dutelako", dio antolakuntzak.