Gernika-Lumo musikaz beteko da martxoaren 11tik 19ra. Hainbat estilotako 28 musika taldek hartuko dute parte festibalean, “herri osoa musikaren bueltan jartzeko”.
Lekuek “musika zaletasunetik” abiatu zen 2013an. Oso harrera ona izan zuen, horregatik antolatzaileek egitasmoarekin jarraitzea erabaki zuten. Orain, laugarren edizioa antolatu dute. Festibal “txikia, askotarikoa, elektrikoa, horizontala eta merkatuaren logikatik kanpo dagoena” izango dela iragarri dute.
Musikaren arloko 28 izen ezagun biltzen ditu egitarauak, horien artean Guadalupe Plata, Ruper Ordorika, Luma, Capsula, Kepa Junkera, Solea Morente, Nick Moss, The Limboos, The Kinki Coo Coo’s, Sumision City Blues edo Inoren Ero Ni. Zuzeneko musikaz gain, beste ekimen batzuk egongo dira; hala nola, zine kluba, tailerrak, erakusketak, disko eta binilo azoka eta antzerki musikatua.
Gernikako hainbat txokotan egingo dira ekintzak: Astra, Iparragirre Rock, Trinkete anti txokoa, Arima, Aterpe, Irrintzi, Lagun etxea, Ospa, Zaplast, AstraTxiki, Kultur Etxea eta beste asko. Festibal osorako bonoak eskainiko dituzte, 25 euroko prezioan. Astra eta Arima tabernetan salgai egongo dira, martxoaren 13tik aurrera.