argia.eus
INPRIMATU
Hastapena
  • Ring, ring! Telefono dei bat. Ze bitxia, ez dut zenbaki hau ezagutzen. Egun on, Imanol. Xabier Letona naiz, ARGIAkoa. Lehengoan liburu aurkezpen hartan elkartu ginen, gogoratzen? Zer nahiko dute orain? Egin zidaten elkarrizketa hura joan zen astean argitaratu zen. Ze arraroa! Historiari buruzko kolaborazio bat egitea proposatu nahi genizun. Hara! Hau bai ez nuela espero. A ze ilusioa! A ze poza! Baina lanez leporaino nabil, nola egiten ahalko diot aurre aldiro-aldiro idazteko enkarguari? Pentsa ezazu eta aste bete barru berriz ere deituko dizut.

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko martxoaren 27a
Giuseppe Pelizza da Volpedoren Laugarren Estatua (1901). Iturria: Wikimedia Commons.

Pozarren idatziko nuke, baina nola baliatu nezake utzi didaten leihotxo hau? Egia da herritarren eta historialarien arteko zanga handiegia izaten dela sarri. Askotan, sasi-historialariek eta konspirazionistek, historiaren kontakizun interesatuak egiten dituztenek, historia zientifikoak baino oihartzun gehiago izaten dute. Bolizko dorretik jaitsi eta ikertzaileon artean sortzen diren eztabaida historiografikoak irakurleei helarazteko aukera izan daiteke. Niri ere ez litzaidake gaizki etorriko, historiografian dauden korronte ezberdinen arteko talkak eta eztabaidak hausnartzeko balioko lidake.

Hala ere, zeri buruz idatzi beharko nuke? Gizartearentzako interesagarri suerta daitezkeen gaiak landu nitzake. Izan ere, zertarako balio du historiak, ez bada herritarren intereseko gaiak lantzeko? Beti maitatu izan dut historia konprometitua; hau da, zientifikoki zorrotza dena eta ikuspegi kritikoa daukana, jakina, baina gizartearekin etengabeko harremanean dagoena. Alabaina, oreka zaila dago hor: gizartearen interesezko gaiei ez zaie entzungor egin behar, baina aldi berean mitifikazio politikoei men egin gabe.

Aukera izan daiteke, baita ere, historia sozialaren aldeko aldarria egiteko. Historia politiko berriaren eta korronte postmodernoen aldean historia soziala gainbeheran dago azken hamarkadotan. Testuinguru akademiko neoliberal eta neokontserbadore berriaren ondorioz, historia sozialari determinismo marxistaren menpekoa izatea leporatu zitzaion. Zaharkitua dagoelakoan, gutxietsirik dagoen korrontea dela ematen du. Agintari handien eta kontakizun nazionalen historiaren aldean, beti gustatu izan zait jende arruntaren, sektore zapalduen eta gatazka sozialen inguruko historia. E.P. Thompson maisuak esan zuen bezala, azken finean, historia erradikala.

---

Tira, bai. Animatuko naiz! Ring-ring: Kaixo! Xabier? Bai, ni naiz; Imanol. Bada bai, proposamena pozarren onartuko dut. Baina bi astetan behin, ongi iruditzen bazaizue.