argia.eus
INPRIMATU
Hassanna Aalia errefuxiatu sahararra atxilotu eta espedientea zabaldu diote
  • Hassanna Aalia kazetari sahararra Burgosen tren batean zihoala atzeman du Espainiako poliziak eta hainbat orduz atxilotua egon ondoren zigor espedientea zabaldu diote.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 07a
Hassanna Aalia Hernanin, Espainiak asilo politikoa ukatu aurretik (arg.: Itsaso Zubiria)

Hasiera batean zabaldu da 48 orduko epea eman diotela herrialdetik alde egiteko, baina errefuxiatuen laguntzarako CEAR elkarteak jakinarazi duenez poliziak zigor espedientea baino ez dio ireki eta orain 48 ordu dauzka helegitea jartzeko. Espediente horrek artxibatuta edo kanporatze agindu batekin amaitu dezake, baina azkeneko hau ez litzatekeela gertatu beharko dio CEARek.

Aalia bizitza osoko kartzelara zigortu zuen Marokoko auzitegi militar batek 2011n Aaiun-en izandako gertaeren ondoren militante sahararren kontra abiatutako auzian. Euskal Herrian zegoela jaso zuen zigorraren berri eta geroztik bertan geratu da bere eta gainerako sahararren egoeraren berri ematen.

Kazetari sahararraren kanporatzearen kontrako mobilizazioetan milaka lagunek hartu dute parte eta norbanako, talde eta erakunde ugarik eman diote euren babesa.

Espainiak asiloa ukatu zion 2015 hasieran, baina erabaki horren kontra CEAR-Euskadik jarritako errekurtsoa onarturik dauka Auzitegi Nazionalak. Asteartean poliziari errekurtsoa erakutsiagatik ere komisaldegira eraman dute eta horren ondoren zabaldu diote zigor espedientea.

Aaliaren atxilotzea ez dator bat Auzitegi Nazionalak errekurtsoa onartzeko hartutako erabakiarekin eta ARGIAri sahararren hurbileko iturriek azaldu diotenez Espainiako Ministerioaren eta poliziaren jokabideaz epaitegiak zer esango duen zain daude.