argia.eus
INPRIMATU
Hassanna Aaliari errefuxiatu izaera aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Bost urteren ostean errefuxiatu izaera aitortu dio Hassanna Aaliari Espainiako Auzitegi Nazionalak eta beraz, kanporatzeko arriskuan egoteari utziko dio ekintzaile sahararrak, CEAR taldeak zabaldu duenez.

Axier Lopez @axierL 2016ko urriaren 05a
Bilbon prentsaurreko bitartez eman du albistea Aaliak.

Espainiak asiloa ukatu zion 2015 hasieran, baina erabaki horren kontra CEAR-Euskadik jarritako errekurtsoa aintzat hartu du Auzitegi Nazionalak. “Oso prozesu zaila eta gogorra izan da, baina era berean oso polita, lagun, erakunde eta talde askok lagundu eta babestuta sentitu naizelako azken bost urte hauetan", adierazi du Aaliak albistea emateko Bilbon antolatu duten prentsaurrekoan.

Bost urteko ibilbide malkartsua

2010ean sahararrek antolatutako Gdeim Izik “duintasunaren kanpamendua” deitutakoan parte hartzeagatik bizi osorako kartzela zigorrera kondenatu zuten, beste 24 kiderekin batera. 2011n eman zuen Marokok atxilotzeko agindua. Egun haietan Euskal Herrian zegoen gaztea, eta bertan geratzeko erabakia hartu zuen.

Tribunal militarrak sententzia atera aurretik, 2012ko urtarrilean asilo politikoa eskatu zion Espainiari; hiru urte geroago iritsi zitzaion ezezkoa.

2015ko urrian atxilotu eta espedientea zabaldu zioten, kanporatzeko arriskua berriz agertu zen. Hassanna Aalia kazetari sahararra Burgosen tren batean zihoala atzeman zuen Espainiako Poliziak eta hainbat orduz atxilotua egon ondoren zigor espedientea zabaldu zioten.

Informazio gehiago

Itsaso Zubiriak elkarrizketa egin zion ARGIAn 2014ko otsailean.

Bere kasua azaltzen duen bideoa gure multimedia kanalean: "Hassanna Aalia, babes bila dabilen aktibista" Jarraian ikusgai 'Gdeim Izik' duintasunaren mugimenduaren inguruko dokumentala: