argia.eus
INPRIMATU
Hassana Aaliaren denbora agortzear
  • Iheslari sahararrari asteartean amaituko zaio Euskal Herrian egoteko epea eta erabaki horren aurka hainbat kolektibo eta herritar elkartu ziren larunbat arratsaldean. Bilbon egin zen manifestazioan 2000 lagun inguru elkartu ziren Hassana Aalia gazte sahararraren alde.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 02a
Manifestazio burua larunbatean. (Argazkia: Axier Lopez)

Manifestazioaren buruan izan zen Aalia bera, eta bertan elkartutako milaka herritarrek Marokoren eta Espainiaren jarrera salatu zuten. Aalia eta gainerako preso politiko sahararren alde lanean jarraitzeko dei eginez amaitu zuten manifestazioa Arriaga antzokiaren aurrean.

Espainiako Gobernuak asilo politikoa ukatu eta hamabost eguneko epea jarri zion gazte sahararrari Euskal Herritik joan zedin. Pasa den astean zehar, mobilizazioak egin zituzten Aaliaren egoera salatzeko Euskal Herriko leku ugaritan eta hainbat kolektibok gazte sahararrari babesa adierazteko manifestazio nazionala deitu zuten larunbaterako.

Atxilotzeko agindua

2010ean sahararrek antolatutako Gdeim Izik “duintasunaren kanpamendua” deitutakoan parte hartzeagatik bizi osorako kartzela zigorrera kondenatu zuten, beste 24 kiderekin batera. 2011n eman zuen Marokok atxilotzeko agindua. Egun haietan Euskal Herrian zegoen gaztea, eta hemen geratzeko erabakia hartu zuen.

Tribunal militarrak sententzia atera aurretik, 2012ko urtarrilean asilo politikoa eskatu zion Espainiari; hiru urte geroago iritsi zaio ezezkoa.

Sarean sinadurak biltzen hasi dira asilo politikorako eskubidea ukatu izana salatu eta gazte sahararren egoera konpon dadin eskatzeko.

Informazio gehiago

Itsaso Zubiriak elkarrizketa egin zion ARGIAn 2014ko otsailean.

Jarraian ikusgai 'Gdeim Izik' duintasunaren mugimenduaren inguruko dokumentala: