Hasi da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren aurtengo abonu-zikloa. Gasteizko emanaldian egon ginen eta, kontuan hartuta Principal Antzokiko akustika ez dela onenetakoa, esan behar da taldeak bere onena eman zuela eta soinu bero eta haragitsua lortu zuela, dudarik gabe. Beraz, susmo ona dugu denboraldi honetarako.
Einojuhani Rautavaara konpositore finlandiarraren lan argitsu batekin hasi zen saioa. Cantus Arcticus izeneko ‘txorientzako’ eta orkestrarako kontzertua obra bitxia da, giro eskandinabiarren hoztasuna islatzen duena. Aurregrabatutako txorien kantuak entzuten dira fondo gisa, eta horren gainetik instrumentu familia desberdinak gehitzen dira, osotasun bukoliko eta baketsua lortuz. Euskadiko Orkestraren soinu gardena eta fina protagonista izan zen obran zehar.
Baina benetako harribitxia geroxeago iritsi zen. Alice Sara Ott piano jole gazteak estilo berezia eman zion hain elegantea den Ravelen Sol Maiorreko piano eta orkestrarako kontzertuari. Lehenengo mugimendua, Allegremente, erritmoz atera zen, baina imajinazioz jo zituen pasarte lasaiak, errekreatu egin zen motibo guztietan, eta, batzuetan nabaritzen ez ditugun ñabardurak nabarmenduta gelditu ziren bakarlariaren eskuetan. Adagio assai, aldiz, poesia hutsa izan zen, dotorea, ondo pedalizatua, perfektua, esan genezake. Azkeneko denbora, deabrukeriaz josia, akatsik gabe atera zitzaion. Bis zoragarri bat bota zuen, gainera: Chopinen nocturno bat, ameslaria.
Bigarren zatian, apustu seguru bat izan genuen: Haydnen 67. Sinfonia fa maiorrean obrak egitura klasikoetara bueltatu gintuen. Txukun eta doia atera zen. Baina honen ondoren berriz harmonia kontenporaneoen giroak inguratu gintuen. Bartóken Mandarin zoragarria obra sutsu eta basatia primeran interpretatu zuten Euskadiko Orkestrakoek, Andrey Boreyko zuzendari zorrotzaren batutapean. Oso ondo.
Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Andrey Boreyko. Bakarlaria: Alice Sara Ott (pianoa). Egitaraua: Rautavaara, Ravel, Haydn eta Bartóken obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Urriaren 10a.