argia.eus
INPRIMATU
Hasier Etxeberriak “Iturrino handia” liburua aurkeztu du

2007ko otsailaren 26a
Hasier Etxeberria

Hasier Etxeberriak ostiral (23) goizean aurkeztu zuen Iturrino Handia bere azken nobela. Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorea eta Joxerra Garzia idazle eta irakaslea izan zituen lagun aurkezpen lanetarako. Cosme Iturrino magoa da Etxeberriaren lan berri honetako protagonista eta kontalaria. Bere solasari esker Orson Welles eta John Hustonekin bizi izandakoak ezagutuko ditugu, baita zirku batean lanean zebilela Anne eta Belle bi buruko emakumearekin izandako harremana ere. Etxeberriak azaldu duenez, ez zuen uste nobela berririk idatziko zuenik, baina Alua Mundua izeneko bloga sortzeak eta Iturrino Handia ezagutzeak idazteko gogoa eman diote. Elgoibarko idazleak, Iturrino Handian "fikziozko pertsonaia erreala" sortu du, eta liburuaren aurkezpenean ere ez dio uko egin errealitate eta fikzioaren arteko jolas horri. Horretarako Cosme Iturrino aurkezpenera eraman du, kazetarien harridurarako.