Begia zulotik erakusketarekin hasi ziren barixakuan Hasier Etxeberriaren omenez Elgoibarko Izarrak antolatu dituen jarduerak. Eguazten honetan, hilaren 21ean, Biba Hasier! ekitaldia egingo dute musika eskolako auditoriumean.
19:30ean hasita. Hasier Etxeberriak gertuko izan zituen lagunak gonbidatu dituzte Biba Hasier! ekitaldira, tartean Mikel Hernandez Abaitua idazlea, Joxerra Gartzia idazle, kazetari, publizista eta unibertsitate irakasle izandakoa eta Oier Arantzabal Hasierren azken proiektua izan zen ZuZeu atariko kazetaria.
Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak ere azalduko ditu bere oroitzapenak. Ekitaldian, Etxeberriaren testuak irakurriko dituzte Urruzuno Literatur Taldean ibilitako elgoibartarrek eta zuzeneko musika jarriko dute Iban Urizar eta Aitor Nova herriko musikariek.
Hori dena eta gehiago ere izango da, baina, Hasier Etxeberriaren akorduan egingo den ekitaldia. Elgoibarko Izarrak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Etxeberriaren oroimenezko ekitaldira, "Hasier ez dugulako ahaztu, eta ez dugulako ahaztu nahi".
Barren-ek zuzenean emango du ekitaldia streaming bidez, barren.eus webgunean.
Erakusketa martxoaren 28ra arte zabalik
Joan den barixakuan inauguratu zuten Begia zulotik erakusketa Kultur Etxeko erakusketa gelan. Hilaren 28ra bitartean egongo da zabalik, eta bertan, Aitor Etxeberria, Edu Arrillaga eta Joxe Ramon Elortzaren lanak egongo dira ikusgai, denak ere Hasier Etxeberriaren testuek lagunduta.
Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak eta Etxepe enpresak lagunduta antolatu ditu Biba Hasier zikloko jarduerak.
Gainera, Barren astekariak Hasier Etxeberriari buruzko gehigarri berezia argitaratu du azken zenbakian.
Albiste hau Barren.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.