Indarkeria ekintzak ez errepikatzea, biktima guztien erreparazioa eta harreman politikoen normalizazioa nabarmendu ditu, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean egindako azken hitzartzean.
Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak azken hitzartzea egin du Eusko Legebiltzarrean, bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri baitzion EAEko Auzitegi Nagusiak.
Biktima guztientzako “memoria, errekonozimendua eta erreparazioa” eskatu ditu. "Urte askotan aurkaria deshumanizatu genuen" eta ezin dira errepikatu “gatazkan gertatu diren indarkeria ekintzak”, azaldu du Arraizek.
Bakea “denontzako” izango bada, “ezinbestekotzat” jo du presoak etxeratzea. Zentzu horretan, espero du azken epaiketetan lortutako akordioak baliagarriak izatea “kartzeletako ateak irekitzeko”.
Alderdi politikoen arteko harremanak normalizatzeko beharra nabarmendu du Arraizek. Horren adibidetzat jo du Arantza Quirogak bake eta bizikidetza lantalderako egin zuen proposamena. EAJ eta EH Bilduren arteko harremanei ere egin die erreferentzia: “Herri akordio handiak egin behar ditugu; hori ez egitea arduragabekeria izango litzateke”.
Arraizek eskertu egin du urte horietan jasotako babesa eta elkartasuna, eta agertoki politiko berria irekitzeko egindako lana goraipatu du.