Bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri dio EAEko Justizi Auzitegia Nagusiak EH Bilduko legebiltzarkideari.
Bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri dio epaileak Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideari, urtarrilean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako 35 pertsonekin gertatutakoari jarraiki. Ondorioz, Arraizek utzi egin beharko du legebiltzarkide kargua eta ezingo du hautagai izan datozen hauteskundeetan. Dena den, ez du kartzelara joan beharko.
Sententziak “talde terroristako kidetzat” jo du Arraiz, eta kondenak iraun bitartean “ezingo du inolako kargu publikorik izan udal, probintzia, autonomia erkidego, estatu edota Europa mailako erakunde publikoetan”.
Maiatzaren 9an epaitu zuten Arraiz eta akordioa erdietsi zuten fiskaltzak eta defentsak. Sortuko presidenteak onartu egin zituen orduan egozten zaizkion ekintza guztiak, indarkeria erabiltzearen aurka agertu zen eta biktimen erreparazioa lortzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen. Ordainetan, fiskaltzak sei urtetik bi urtera jaitsi zuen zigor eskaera.
Herri akusazioek ez dute helegiterik aurkeztuko
AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek adierazi dute ez dutela helegiterik aurkeztuko. Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidenteak azaldu du “espero” zutela epai hori, “Justizia ildo hori ari delako lantzen”.
Porteroren esanetan, helegiteak ez luke aurrera egingo, jurisprudentziak argi uzten duelako erabakia –Segura auziko gainerako 35 inputatuen sententzia irmoa da–.
Antonio Guerrero AVTko abokatuak ere jakinarazi du “hasiera batean” ez dutela helegiterik aurkeztuko, “zaila izango litzatekeelako irabaztea”.
Urtarrileko akordioarekin bat egin zuten herri akusazioek, baina maiatzean ez zuten akordioa onartu eta hasierako zigor eskaerei eutsi zieten; AVTko abokatua zigor eskaera bost urtera murrizteko prest agertu zen.
Iñigo Iruin defentsa abokatuak “inkoherentetzat” jo zuen jarrera hori: “Hasier Arraiz gainerako auziperatuekin batera epaitu izan balute, urtarrilean Auzitegi Nazionalean hartutako akordioaren barnean sartuko zen”.