argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Larrea "Sendabelar baratzea" argitalpen berriaz
“Hasiberriek ere erraz egiteko moduko sendabelar baratzea proposatu dugu”
  • Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena liburuak iaz izandako arrakastaren ondoren, proposamen berri batekin datorkigu aurtengoan: Sendabelar baratzea. Aurreko lanean sakonean landutako 12 sendabelar aukeratu eta horiekin baratzea sortzea proposatu digu, horretarako aholku eta gomendio praktiko zehatzak eskainiz. Honezkero eskuragarri duzue ohiko liburudendetan eta ARGIAko Azokan eta Durangoko Azokan ARGIAren mahaian egongo da liburuak sinatzen. Hauxe kontatu digu egileak.

Garazi Zabaleta 2022ko abenduaren 06a
Argazkia: Dani Blanco.

Formatu berezia du liburuak. Sendabelar baratze horri emateko forma biribila irudikatu duzue, ezta?

Bai, hor bada landareen sailkapenean lan handia egin zuen botaniko suediar bat, Carl von Linneo, eta berak aztertu zuen erlojuaren norabidean nola loratzen ziren landareak. Batik bat loreekin egin zuen lan, baina sendabelarrekin ere badira horrelako planteamenduak, eta hori ekarri nahi izan dugu. Dena dela, ez da proposamen itxia, norberak nahi duen eran landatu dezake: karratuan, triangeluan…

Iaz atera zenuen Sendabelarrek dakitena liburutik zertan desberdintzen da hau?

Hasteko, tamainan, hau liburuxka dela esanen nuke. Bestetik, aurreko liburuan planteatzen genituen "ezagutu/bildu/erabili" aditz horietan, ikusi dugu "bildu" hori askotan "landatu" izaten dela, eta horretan jarri dugu arreta. Kasu honetan lorezain izan behar da prozesu osoa zaintzeko, eta horrek ematen digun autonomia hedatzea izan da asmoa, norberarentzako adinako botikin bat egiteko aukera emanez, adibidez. Gainera, aurrekoan kanpoan utzi behar izan nituen hainbat eduki ere sartu ditut, lan honetan planteatzen den praktikotasunari begira egokia baitzen horiek erabiltzea.

12 sendabelar aukeratu dituzue, zergatik horiek?

Gogorrak eta sendoak direnak aukeratu ditugu, mantenu errazekoak eta gain-gainean egotea eskatzen ez dutenak. Nahi nukeena da hasberri batek erraz egiteko modukoa izatea. Ezohiko hautu bat ere egon da malbaren kasuan: lekutik hartu eta baratzera ekarri behar den landare basatia da, eta horrexegatik aukeratu dut. Bestetik, hain komertzialak eta ezagunak ez diren landareak ere badaude, pixa-belarra kasu, horiek sustatzea eta hedatzea gure ondarea zaintzea ere badelako. Bestela, gehienak oso arruntak dira: erromeroa, salbia, ezkaia, ilena, garraixka, mendabeltza… Dena dela, ziur horien artean berbena, pasmobelarra, asuna eta bere burua gonbidatuko duten beste zenbait sendabelar aterako direla, bada, horiek bizitzen uztearen aldekoa naiz. Eta, noski, nik egindako aukerak norbaitentzat egokiak ez badira, beste landare batzuekin egin daiteke.

Historian egon al da gurean sendabelar baratzeak lantzeko ohiturarik, edo berriagoa da kontu hau?

Tira, berria edo zarra baino, nik esango nuke historian zehar munduko leku askotan egon direla: Alhambran badira, Hernán Cortés gaurko Mexikora iritsi zenean Moctezumak horrelako baratze bat zuenaren erreferentziak badaude… Gurean, sendabelarrak baratze bazterretan egon izan dira maiz, edo barazki artean horien onurarako, osagarritasunari begira. Haiekin baratzea egitea bitxiagoa da, baina hori interesatzen zait niri.