argia.eus
INPRIMATU
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita
  • Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 17a
Txotx denboraldiaren irekiera Saizarren. Andoni Egaña bertsoa kantatzen, eta ezkerretik eskuinera: Manu Tenorio, Haimar Zubeldia, Xabier Berasaluze Leturia, Óscar Terol, Agus Barandiaran, Fernando Romay... eta Perico Delgado eskuinean. Jagoba Manterola / FOKU

Datorren hau, lehen asteburua izango du 2025eko sagardo denboraldiak. Aste honetan egin dira hasiera ekitaldiko ospakizunak. Lehena Astigarragako Alorrenea sagardotegian egin zen, asteazkenean, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta; eta, bigarren eta azken festa handia, berriz, Saizarrek egin zuen ostegunean, ohi duen moduan.

Gure Zirkuak zabaldu zuen Alorreneako txotx denboraldia. Iker Galartzak, Joseba Usabiagak eta Lur Aranburuk egin zuten lehen txotxa, zirkuko jantziak soinean. Galartzak hitz egin zuen mikrofonoen aurrean, eta Gure Zirkukoen eta sagardotegikoen lanak ez direla hain diferenteak esan zuen: "Jendeak ondo pasatzeko guk lana egin behar dugu, eta zuek ere bai; egunik onena ez denean ere, beti irribarre bat gordeta eduki behar izaten dugu".

Saizarren, bestalde, Perico Delgado txirrindulari espainiarra omendu zuten, jende ezagun ugariren artean: besteak beste, han izan ziren gizonezkoen Realeko futbol jokalari ohiak –Imanol Agirretxe, Asier Illarramendi, Markel Bergara...–, Hilario eta Eusebio Arbelaitz sukaldariak, Haimar Zubeldia txirrindularia eta Donostiako alkate Eneko Goia. Baita Espainiako Estatuko hainbat aurpegi ezagun ere.

Andoni Egañak kantatu zuen txotx egin osteko bertsoa:

Ene Perico zure langintza
sagardotegitikan urrun
Ea Saizarren zure karrera
nola kopiatzen dugun
Jan eta edan gero zutitu
gero berriketan jardun
Ezezaguna ezagun egin
eta ezaguna lagun
Kupel begien aukera denak
aprobetxatu ditzagun.

Afalondoan, oholtza gainean, Julian Iantzi arduratu zen aurkezle lanak egiteaz, eta giroa berotzen lehenak Josune Arakistain Süne eta Olatz Salvador musikariak izan ziren, eta Manu Tenorio igo zen ondoren, Delgado omendu aurretik. Gero, Andoni Egañak segidilla bat kantatu zuen, besteak beste Delgadori, Iantziri eta publikoan zen Arconadari mezuren bat eskainita, eta Korrontzi arduratu zen, azkenik, festari amaiera ipintzeaz.

Ekoizpena %60 jaitsi da

Iaz ekoiztu zenaren erdia baino sagardo gutxiago egin da aurten, batik bat sagarraren uztaren beherakada izan delako. Hala jakinarazi zuen aurreko astean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak, eta Saizarreko Napo Lertxundik ere hala baieztatu zuen txotx irekieran, baina nabarmendu zuen kalitate hobea duela aurtengoak.

Guztira, bi milioi kilo sagar bildu dira 250 sagastitan, eta horri esker 1.300.000 litro sagardo ekoiztu dira 46 sagardotegitan: bat Araban, hiru Bizkaian eta 42  sagardotegi Gipuzkoan. "Nahikoa izango da, ordea", adierazi zuen jatorri izendapenak.