argia.eus
INPRIMATU
Azoka ibiltaria
Hasi da Nafarroako Mendialdeko ekoizle eta artisauen plaza bira
  • 2019an abiatu zen Nafarroako iparraldean Mendialdeko Azoka Ibiltariaren lehen edizioa. Aurtengoan, hirugarrena abiatu berri da, apirilaren 24an Atallun (Araitz) egin zen lehen azokarekin. Cederna Garalur Landa Garapenerako elkartea, eskualdeko hamar udal, Habelarte baserritar elkartea, elikadura eta kontsumoarekin lotutako hainbat talde eta Plazaola Partzuergo Turistikoa daude ekimenaren antolatzaileen artean. Helburu nagusia hurbileko ekoizle eta artisauak ezagutzera ematea eta zuzeneko salmentarako plaza berriak eskaintzea da. Hori, eta artisauen, lehen sektorearen, kontsumitzaileen eta komertzioen artean saretzea bultzatzea.

Garazi Zabaleta 2022ko apirilaren 29a

Araitz, Arano, Areso, Atetz, Basaburua, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalerrietan abiatutako planaren baitan kokatzen da azoka ibiltaria. Izan ere, Cederna Garalurren bultzadarekin, elikadura sistema jasangarriaren aldeko dinamizazio plana martxan jarri dute eskualde zabalean, eta azokaz gain, bestelako egitasmoak ere badituzte esku artean: eraldaketarako gune kolektiboa eta zonalde mailako Elikadura Mahaia, esaterako. “Elikadura sistemaren katea osatzen duten eragileen arteko sinergiak sortzea da gure helburuetako bat”, azaldu du Amaiur Unzueta Zorrozua Cederna Garalurreko mendialdeko elikadura eta dinamizazio teknikariak.

Atalluko lehen azokaren ondoren, datorren asteetan, beste herri askotatik pasatuko da ekimen ibiltaria. Hurrengo hitzordua maiatzaren 8an izanen da Lekunberrin. Ondoren Gorriti (Larraun), Goizueta, Leitza, Latasa (Imotz), Basaburua, Areso eta Beuntzaren (Atetz) txandak iritsiko dira. “Aurreko urteetan bezala, elikagaiak eta elikagaiak ez direnak izanen dira eskaintzan, eta azoka bakoitzean 25-30 postu artean egonen dira”, dio Unzuetak. Denetarik topatuko dute hurbiltzen direnek: arrautzak, gazta eta esnekiak, txorizo eta saltxitxoi ekologikoa, ogia, sasoiko barazki freskoak, garagardoa, txokolate artisaua… “Gure inguruko ekoizleak ikusarazten saiatzen gara, baina eskualdean ekoizten ez diren produktu zehatz batzuen kasuan, beste herri batzuetatik ere badatoz zenbait ekoizle”, gehitu du.

Urteotako lana, pixkanaka fruituak ematen

Hiru helburu nagusiri erantzuteko asmoz abiatu zuten azoka ibiltaria: tokiko ekoizle eta artisauen ikusgarritasuna bultzatzea, zuzeneko salmentarako espazioa eskaintzea eta elikaduraren bueltako agente desberdinen arteko sinergiak sortzea. Pozik daude bultzatzaileak orain arte izandako erantzunarekin. “Ekoizleek diotenez, inguruko komertzio eta dendetatik geroz eta gehiago deitzen diete haien produktuak eskatzeko, eta pedagogiari eta kontsumo arduratsuari begira ere lanketa egiten ari gara azoka bidez”, amaitu du Unzuetak.