Elkarretaratzea egin dute goizean Zuen negozioa, gure kolapsoa lelopean, eta errepidea moztu dute protestan zebiltzanek. Asteazkenean Bilbon manifestazioa egingo dute, 19:30ean Plaza Eliptikotik. Munduko Bankuari Ez! plataformak asteartean egingo du manifestazioa, 18:30ean, Barakaldoko plazatik.
Hasi da Munduko Bankuaren (MB) gailurra Barakaldoko BECen, baita haren aurkako mobilizazioak ere. Goizean goiz elkarretaratzea eta eserialdia egin dituzte erakustazokaren sarreran, Zuen negozioa, gure kolapsoa lelopean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera egin dute deialdia.
Maiatzaren 23tik 25era Innovate4Climate konferentzian izango dira mundu osoko hainbat herrialdetako agintariak eta inbertsio funtsen zein enpresa teknologiko pribatuen nagusiak. Krisi klimatikoari aurre egiteko beharrak eta inbertsio aukerak izango dituzte hizpide.
Goizeko elkarretaratzean salatu dute MBk "berdez estali" nahi duela pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren aurrean daukan erantzukizuna, bere sorreratik finantzatu duelako hainbat herrialderen espolioa. Mobilizaziora Ertzaintzaren lau furgoi gerturatu dira, eta errepidea moztu dute protestan ari zirenek. Talde sindikal eta sozial horiek maiatzaren 24an ere manifestaziora deitu dute, 19:30ean, Bilboko Plaza Eliptikotik.
Oligarkia finantzarioa jopuntuan
MBren gailurraren harira, Munduko Bankuari Ez! plataforma aurkeztu zuten maiatzaren 5ean. Astearte arratsaldean konferentziaren aurka mobilizatuko dira, Kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu lelopean. 18:30ean abiatuko da Barakaldoko plazatik. Plataformak salatu du larrialdi klimatikoa "merkatu eta negozio berriak zabaltzeko aukera besterik ez" dela oligarkia finantzarioarentzat, eta, beraz, konponbidea ez dela hark gidatutako "ustezko" politika jasangarrien eskutik etorriko.