Berriz ere hartu digute aurre katalanek. Eta eskerrak horri. Kostako litzaiguke bestela trena ateratzear, baina oraindik geltokian dagoela konturatzea. Twitterri buruz ari naiz, baina orokortu liteke eta hitz egin katalanek teknologia berriekin egin duten apostuaren seriotasunaz. Atzetik goaz, baina beti pentsatu izan dut ona dela gidari onari jarraitzea.
Lehengo astean, Twitter enpresako zuzendari orokorrak Albert Cuesta kazetari eta ekintzaile katalanari beren zerbitzua laster katalanera itzuliko zutela iragarri zion. Katalanen garaipen handia izan da oraindik zazpi hizkuntzatan besterik ez dagoen mundu mailako zerbitzu bat beren hizkuntzan jartzea lortzea.
Katalanen kanpaina bi zutabetan oinarritu da:
1- Kanpaina zuzena izan da. Twitter bidezko kanpainak egiteko plataforman oinarritu dute eskaera. Mezuan Twitterreko idazkari orokorraren helbidea jarri zutenez, honek etxean jaso ditu milaka eskaera.
2- Kanpaina masiboa egin dute. 3.000 pertsona baino gehiagok, mezu hori berbidaltzeaz gain, webgunean bete dute Twitter itzultzeko eskaera.
ZER EGIN BEHAR DUGU?
Twitter denbora luzez ingelesez bakarrik izan da. Orain urtebete inguru beste hizkuntza batzuetara ere itzuliko zutela zabaldu zutenean, ahotsa pixka bat altxa genuen eta euskara ere noizbait itzultzeko hizkuntzen zerrendan sartu zuten. Baina ordutik denok elkarri begira gaude, eta esan bezala, eskerrak katalanak ez dauden geldi. Katalanek egin zuten kanpaina bera bultza behar dugu, baina euskarara ekarrita. Sinatu eta zabal dezagun. Izan ere, Vicent Partal Vilaweb guneko zuzendariak esandako hitz batzuk datorzkit burura:
"Behin zure hizkuntza proiektu sendo batean sartuz gero, hurrena datorrenak, aurrekoa zein hizkuntzatara itzuli duten begiratuko du, eta naturaltasun osoz sartuko du zurea. Horregatik, kontua oso sinplea da: Edo zerrendan zaude, edo ez zaude. Horregatik, ahal den ahalegin guztia egin behar da bertan egoteko".
Euskara Wikipedia, Wordpress eta Google bezalako proiektuetan sartzea lortu dugu. Gurea hizkuntza modernoa dela erakutsi dugu, eta gainera, ez gara gutxi. Umap webguneak euskaraz noizbait zerbait bidali duten 1658 twitterlari daudela kontatu ditu.
Guk ere zerrendan egon nahi dugu, ezta? Badakizu orduan zer egin.
PD: Webguneetan ibiltzen zaretenok, ondorengo kodea ere jar dezakezue nahi duzuen lekuan:
<script src="http://act.ly/widget/firebox/35s?recruiter=larbelaitz" type="text/javascript"></script>
[Sartu Lander Arbelaitzen blogean, antzeko albisteak irakutzeko]