argia.eus
INPRIMATU
Hasi da ikasturtea Iruñeko haur eskoletan, euskarazko bi eskola berrirekin
  • 0 eta 3 urte bitarteko 963 haurrek hasi dute ikasturtea Iruñean: 364 ikaslek euskaraz egin dute, 354k gaztelaniaz eta 245ek gaztelaniaz eta ingelesez. Udalak eskainitako plazen %94 bete da eta euskarazko plazen %92. Hain justu euskarazko plazak %38,6 dira aurten: %10 izan ziren pasa den ikasturtean, UPNren gobernualdian.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 16a
Euskarazko haur eskola gehiago irekitzea urteetako eskaria izan da Iruñeko euskalgintzako eragileen eta ehunka gurasoren aldetik. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Ateak ireki dituzten hamabi haur eskoletatik lau dira euskarazkoak, bost gaztelaniazkoak eta hiru gaztelania eta ingelesa uztartzen dituztenak. Bi ziren UPN indarrean zegoenean euskarazko haur eskolak eta beste bi ireki ditu Joseba Asiron buru duen Udalak.

Urtea hasi berritan jakinarazi zuen Iruñeko Udalak haur eskolen euskarazko eskaintza zabaltzeko asmoa eta UPN, PSN eta hainbat familiak ez zuten begi onez ikusi. Neurriaren aurka 53 familiak aurkeztu zuten helegitea eta Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak matrikulatze prozesua gelditu zuen.

Ekainaren 15ean utzi zuen bertan behera euskarazko haur eskolak zabaltzeko debekua Justizia Auzitegiak, Udalaren argudioa aintzat hartuta. Hots, ez dagoela eskolatzea ikastetxe publiko batean hasi dutenek eskola berean jarraitzeko eskubidea bermatzen duen arauik.

Euskarazko bi eskola berriren irekierak 200 familiari eragin die: ez dute euren plaza galdu, baina beste eskola bat aukeratu behar izan dute. Horrek haurrei eragingo zietelakoan aurkeztu zuten helegitea 53 familiak.

Euskarazko haur eskola gehiago irekitzea urteetako eskaria izan da Iruñeko euskalgintzako eragileen eta ehunka gurasoren aldetik. Haur eskolen eskaintza "desorekatua eta ulergaitza" zela salatu zuten hain justu hainbat gurasok maiatzaren 23an Iruñean egindako protestan eta euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko prozesua ez baztertzeko eskatu zioten Udalari: “urteetako diskriminazio eta bazterkeria egoeratik gatoz eta orain, badugu bideratu eta orekatzen joateko aukera”.