Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi du prest dagoela “denon onerako” izango den akordio bat sinatzeko.
Asteazkenean izan da Zestoako gaztetxearen aurkako epaiketa, Azpeitian. Elizak jarri zuen abian iaz Gaztetxearen aurkako prozedura, Gazte Asanbladako kideek Elizaren jabetza den eraikina okupatu zutelako gaztetxe berri gisa erabiltzeko. Bi kide epaituko dituzte kasuagatik, eta asanbladak adierazi duenez, Elizak kalte-ordain eta “isun ikaragarriak” eskatzen ditu haientzat, Gedar-ek jaso duenez. Azpeitiko epaitegian protesta egin dute 09:00etatik aurrera, Langile Espazioen Defentsa Komunitateak eta Zestoako Asanbladak deituta.
Gaztetxeari elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egin dituzte azken asteetan Euskal Herrian. Joan den igandean kontzentrazioa egin zuten Zestoako elizaren barruan, Elizari Gaztetxearen desalojoa “eten dezala exijitzeko”. Donostiako Artzain Onaren katedralean ere egin zuten protesta ostiralean. Honen harira, Donostiako Elizbarrutiak egindako ohar baten bidez adierazi du ez duela “bere iritzia aldatzeko asmorik” Elizondo eraikinaren “okupazio bortitzari” dagokionez, eta salaketa indarrean mantenduko duela "eraikinaren jarduera lehenbailehen berreskuratu ahal izateko".
Prozesu tira-biratsua
2023ko otsailean ireki zuen gaztetxe berria Zestoako Gazte Asanbladak, Elizondo eraikina izandakoan. Kideek jakinarazi dutenez, “urte luzez” aritu dira asanblada udalarekin nahiz Elizarekin negoziaketetan espazio berri bat lortzeko, baina ez ziren sekula akordio batera iristen. Beraz, Elizondo eraikina okupatu zuten, Elizaren jabetzakoa.
Apirilean izan zuen kide batek auziaren inguruko lehen epaiketa Azpeitian. Epaileak absolbitu zuen, baina Elizak jakinarazi zuen eraikina hustearen alde borrokan jarraituko zuela.
Zestoako udala, akordio baten alde
Zeresana eman du gaiak Zestoan, eta udalak prentsa ohar bat zabaldu du asteartean. Egindako mobilizazioen harira, adierazi duenez, “ez da zilegi” asteburuan meza eten izana: “Beste ezein elkarte edo komunitatek bezala, herriko kristau komunitateak bere sinesmen jarduerak egiteko eskubide osoa du eta igandean jazotakoak herritarrek erlijio askatasunerako duten eskubidea erabat urratu zuen”.
Udalak Elizari dei egin dio bere ondareak “herriaren zerbitzura” jartzeko: “Elizako hierarkiak historian zehar eta azken hamarkadetan ondare publikoa beharko lukeen herri azpiegituren jabetzea gaitzesten dugu. Beste herrietan bezala gurean ere elizak bere izenean ondare material handia pilatu du eta gaur da eguna elizak ondare guzti hori behar bezala kudeatu eta mantentzeko gaitasun humano eta materialik ez duen”.
Prest agertu da elizarekin “denon onerako” izango den “akordio orokor bat sinatzeko”. Azpimarratu du Elizondo eraikina “gune aproposa” dela herriko gazte mugimenduetarako: “Zestoako Udala gunea berreskuratzeko ahaleginak egiten jarraitzeko prest dago baina horretarako herri ikuspegia lehenetsiz denon laguntza beharrezkoa izango da”.