Iruñea bertsoaren hiriburu bihurtu da egun oso batez. Lehen aldiz bertan aritu dira jokatzen Txapelketa Nagusiko finala. Maialen Lujanbiok bere txapeldungoa jokatu du honako bertsolariekin: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzalllus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Final hau historiara pasatuko da, besteak beste, lehen aldiz hiru emakume aritu direlako kantuan bertan, eta 55 urteren ondoren nafar bat (edo herritartasuna ulertzeko moduaren arabera bi, Colina Iruñean bizi baita azken urteetan) aritu delako.
Jendea goizean goiz hasita etorri da pixkanaka Nafarroa Arenara, horietako asko, herrietatik antolatu diren 60tik gora autobusetan. 13.300 bertsozalek euskararen erresonantzia kutxa bete dute. Hurrenkera honetan aritu dira kantatzen bertsolariak goizeko saioan, zoriak hala erabakita: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi.
Bertsoa.eus webgunean ikusgai daude goizeko bertsoaldi guztiak.
Hasierako agurretan bertsolari batzuek beren intentzioak agertu dituzte. Horrekin batera kantu gai hartu dute askok euskararen egoera eta bertsoak egiten duen ekarpena.
Nerea Ibarzabal:
"Ortozik doan hizkuntza honek
beti hanketako hotza
baina erretzen suma daiteke
gaur Iruñeko oholtza"
Amets Arzallusek azken agurra eman duten Hertzainak taldearen doinua hartu du, eta amaieran euskararen salbazioa lortu artean bizarra moztearen kantuari egin dio erreferentzia:
"Otxagabi Tutera, Baigorri Lizarra
behingoz bertsoak moztu duenez bizarra
zu dantzan jartzea da nahi dugun bakarra"
Joanes Illarregik gogora ekarri du: "Nafarroa berriz ere / dago zonifikatua"
Beñat Gaztelumendi (bertsoa zer den definitzen ari da):
"Pitzadura bat gure diglosi
inposatuan barrena
udazkenean piztu den herri
honen nerbio sistema
niretzat hori baita bertsoa
printza bat eta unibertsoa
gu sortzen ari garena
ta gu sortzen gaituena".
Maialen Lujanbiok, berriz, hiru emakume lehen aldiz finalean kantuan ari diren testuinguan, historian bidea nola urratzen den azaldu du:
"Bertsogintza den sokatira hontan
gogo, belarri ta aho
zer eta nola nork eta nori
non eta nondik esango
aurrera nahia, atzera karga
ta urratu gabe eztago
artea hori da, eta finalak
gaur Nafarroa arrago
izan izan da arrago
gauzak gertatu daitezkeenean
gertatzen direla nago
beti gertatu behar zuketena
baino beranduxeago".
Txalometroari jarraituta, goizeko bertso saioa ari da jendea asetzeko moduko bertsoaldiak ematen. Ofiziotako lan batzuek, bai tonu seriokoek eta bai umorekoek, giroa bero-bero jarri dute. Publikoak eskertu du finaleko egoera zurrunean, bertsolariek jolaserako bidea hartu izan dutenean, eta hainbat bertsolari ausartu da herriko festetako plaza batean botako lukeen umore kolpea jaulkitzera.
Puntu erantzun biribilak entzun dira goizeko saioan. Artikulu honetan bildu ditugu puntu erantzun guztiak.
Hauxe da goizeko saioan jarri duten ganbarako gaia: “Irribarre konplizea egin diozue elkarri”.
Aitor Mendiluze izan da gaia estreinatu duena. Bere esperientziatik abiatu da, lehen puntuetan azalduz 15 urte daramatzala bertsolari irakasle ikastetxeetan. Zoragarri deskribatu du geletan bizitzen den eguneroko egoera, hau da, bertsoa pentsatuta duen neskatila mutu geratzea. Honela jaso du irakasleak sentitzen duena, bigarren bertsoaren azken puntuan:
"Nik tira egin nahiko nioke
baina ez dut behartu nahi".
Hirugarren bertsoa lotu du gaiaren irribarrearen unearekin, ikasleak azkenean kantatu duela azalduz. Eta esanahiz bete du kantatzeko urrats txiki hori, bere ganbarako lanaren amaieran:
"ausartu egin da, bota egin du
orain irrifartsu dago
baita ni ere, ta esan nahi du
hark uste baino gehiago”.
Nerea Ibarzabalek Txapelketan egin izan dituen moduko film osoa proiektatu du. Harreman toxiko bat bizi izan zuen amaren paperetik, alabaren zaintza erdibana duen egoerari kantatu dio. Bigarren bertsoan zehaztu du min emateko egoeraren nolakoa:
"Nahiz ta ez zizkigun eman
bultzada edo ostiko
pertsonak asma lezake
beste norbait nola ito
ta nire irribarrea
ezabatu zen betiko
baina alabarenari
eutsi nahi nioke tinko"
Bertso hau bukatu du iragarriz hurrengo asteko aitaren hitzordura ez direla itzuliko.
Saioari bukaera alabarekin auto barruan eta Telma eta Louis film ospetsuan bezala eman dio:
"bidea dugu aurrean
milaka miloika uda
alaba libre izateko
gure ordua heldu da
irribarre bat egin dit
ta biok goaz gustura
alboan bere poza ta
parean gure ortzi-muga"
Amets Arzallusek honelaxe aurkeztu du noren azaletik kantatu duen ganbarako lanean:
“Guk ez dugu hegazkinik
hartzen zuzenean
gu azpimundu bat gara
beltzak azkenean"
Miñan-en idazleak barrutik deskribatu du "Bidasoaren ertz honetara" iritsi bitarteko bidea. Esaterako lehen bertsoaren amaieran:
"pentsa zenbat mixeria
egunen trenean
desertua bukatzen denean
zortzigarrenean
ta desertu handienak
geure barrenean”
Irribarrearen unea, Iparralderako muga zeharkatzerakoan kokatu du, Harrera Sareko kide batek eskaini diona:
"harek niri eskaini dit
azken irribarra
deus ez duenarentzako
hori da indarra”.
Publikoak txalo beroa jo dio bere lanari, eta eguneroko aktualitatea den errealitateari.
Joanes Illarregik "aprobazio" esanahiarekin lotu du irribarrea. Sexu jolasean aritu ostean bikoteak egin dion irria baita hautatu duena. Publikoaren irria piztu du saioan zehar, errimak irudi zehatzak sortzeko erabili baititu, esaterako:
"modu denetan aritu gara
nor zalduna nor zaldia"
Eta sorpresa ere erabili du, bigarren bertsoaren amaiera arte ez baitu zehaztu zein sexualdiz ari zen:
"ongi joan dela ikusi izana
niretzat ze oparia
beti ez baita ongi irteten
lehendabiziko aldia”
Alaia Martin etorri da segidan, eta kontraste oso polita sortu da honen eta Illarregiren saioaren artean. Izan ere, Martinek ere sexu jolasa hartu du gai gisa eta jendeak barre txikiak egin ditu Martinek ere zaldia aipatu duenean, puntu honetan:
"gaur bi tximileta gara
gaurkoan ez naiz zaldia"
Ordea, bertsoaren amaieran jakin du tximeletaren esanahia, Illarregik bezala berak ere hautatu duen "lehen aldia" bestelako lehen aldi bat zela azaldu duenean:
"aurrez probatua neukan
mutikoen haragia
gaur daukat neska batekin
bigarren lehen aldia"
Saioa askatasunaren aldeko aldarriarekin amaitu du:
"azken batean eremu
libre bat baita gorputza
zertan mugatu plazerra
bihurtzeraino kamutsa
eleanitza denean
gure gorputzen hizkuntza"
Maialen Lujanbiok gizon fatxa bati treneko bagoitik jaisteko herritarren arteko ekintza burutu duen herritarraren ahotik kantatu du. Lehen bertsoan tentsiotik kontatu du eszena eta herritarren lorpena:
"sartu zaigu muskuluz ta
tatuaje fatxaz asea
hautatu du ate ondoan
mendekati geratzea
ta zu jaiki egin zara
ni jaiki naizen antzea
suertatu da beste denek
gonbita hau onartzea
tipoak bere burua
eroso ez topatzea
eta hala lortu dugu
bagoietik botatzea"
Azken bertsoko azken puntuan bere lanari beste bira bat eman dio, irriak gurutzatu dituzten bi herritarren poltsaren bidez azaldu baitu haien nortasuna:
"zu ta biok bereziki
irria irrietara
gure poltsa ortzadardunez
poz pozik atera gara".
Sustrai Colinak Bogotatik etorri eta Joxe zaharra zaintzen ari den etorkinaren larrutik kantatu du, eta Joxeri eskaini dio irria. Ordea, bigarren bertsoan azaldu du zaintzaileek pairatzen duten kontraesana:
"nahiz Joxerentzat beti nagon hor
niretzat hemen ez dago inor
'lasai egon' esateko
ta irribarre egiteko".
Azken bertsoa baliatu du europarron kontraesanak kitzikatzen dituzten galderak jaulkitzeko:
"bizimodua zer bihurtzen da
ez bada askatasunik?
Gure buruak nahiz ta ez salba
harresiren bat pitzatzen ahal da
irribarrezka jardunik?
ordaintzerik ba ote daukagu
guk egin nahi ez dugunik?
Ba ote dago boteretikan
libratzen den maitasunik?
Ze amets neukan nere retinan
ta zer topatu dut errutinan?
Galdera asko ditut nik
baina ez dut erantzunik".
Beñat Gaztelumendi futbolean traketsa den haurraren gorputzetik aritu da kantuan. Sutiltasun handiz kontatu du zein irain eta gutxiespen jasotzen duen txikiak beste kideengandik, eta beste kide baten irribarra babes moduan ulertu du:
"nik sarri baloiarekin
egiten dut tupust ia
sentitzen dut amorrua
antsia ta angustia
“umea” deitzen didate
“ahula, oilo bustia”
ta irribarre hori da
falta zitzaidan guztia".
Elkartzeko dei eginez amaitu du:
"alferrik egingo dute
irri bertatik bertara
handiak ez dira handiak
txikiak biltzen bagara."
Goizeko amaierako agurra
Zortzi finalistek Joanes Illarregi hautatu dute denen izenean goizeko saioaren amaierako agurra kantatzeko. Bera da txapelketan parte hartu duen gazteena, eta 55 urte ondoren finalera sartu den nafarra. Hauxe umorez bota duen bertsoa:
Ez baldin bazaizkigu
indarrak agortu
atsaldean bikoitza
nahi genuke lortu.
Orain lasai bazkaldu
mutturrak berotu
gero ebaki bat hartu
ta aulkira lotu
ta kafearen ttantta
etxearen kontu.