argia.eus
INPRIMATU
Puntadaz jositako eguna Ondarroan
  • Joan da aurtengo Argia Eguna. Denetariko uneak bizi izan ziren Ondarroako Itsasaurre plazan. Historiara txangoa, jolasak, hausnarketa, musika, antzerkia, bazkaria, kontzertuak... Eta ezin aipatu barik utzi bertakoen laguntza, parte hartzea eta aldarte ona. Hemen kronika laburra.  

ARGIA @argia 2016ko urriaren 03a
Herri bazkaria karpan betekada (Arg.: Dani Blanco)

Apurka-apurka joan da jendea bilduz Ondarroako Itsasaurre plazan, azkenean ia agertu ez den euriaren mehatxuagatik agian. Zelangura, taldetxo bat batu da goizeko 10:00etan oroimenaren txangoan abiatzeko. Saturraraneraino bakarrik ez, iraganera ere egin dute bidaia lehen ekitaldi horretan parte hartu dutenek: 36ko gerrako pasadizoak izan dituzte gogoan bertako Historia Zaleak elkarteko kideek, bereziki Ondarroako txalupetan bost kutxa urre Baionara eraman zituztenekoa. Gerora, errepublikarrentzat armak erosteko erabili zituen diru hori EAJk, aurreko astean ARGIAn kontatu genizuen bezala.

Txangotik itzulita, Itsasaurre plaza bihurtu da ondorengo orduen epizentroa. Ongietorri ekitaldi xume baten ostean, umeentzako jolas hezitzaileak eta herri eragileen azoka hasi dira. Geroago zabaldu da hausnarketarako eta elkar ezagutzeko tartea, Argiazaleen topaketan; aurreko urteetan legez, askotariko parte hartzaileak bildu dira, komunikazio proiektu honetaz ideia trukaketa egiteko asmoz. Baita lortu ere. ARGIA osatzen dugun guztion arteko harreman ereduez jardun dugu oraingoan, eta jasotako ekarpenak oso baliagarriak izango dira, izango direnez, urte amaierarako burutu nahi dugun hausnarketa prozesuan.

Ondarroako Uxola elkarteko lagunek egindako marmitakoa izan da bazkarian protagonista; aurretik, Lea-Artibaiko ekoizle ekologikoen produktuekin osatutako entsaladaz gozatu dute bazkaltiarrek, eta ondotik Berangoko Mari Tere Gonzalez harpidedunak egindako euskal pastelaz.

Gehienak pastela jaten ari zirela edo oraindik haren zain zeudela igo dira oholtzara Iratxe Ibarra, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia bertsolariak, bertan bildutakoek twitter bidez bidalitako gaietatik abiatuz saioa osatzeko. Ez da umorerik falta izan, batez ere jaiaren antolakuntzari egindako kritika "zorrotzetan" eta lekeitiarren eta ondarroarren arteko harremanari buruzko aipamen ugarietan.

Berehala hartu diete lekukoa Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeko kideek. Argia Egunerako beren-beregi sortutako Argi-uneak antzezlan laburrean. ARGIAren historian zeharreko ibilbide umoretsua egin dute, aldizkariaren azal zaharrak baliatuta, 1919ko lehen urratsetatik gaurko Argia Eguneraino. Eta karpatik plazara, beharbada txalo gehien eragin duen ekitaldirako: Nortasun Agiri Arrotzen III. Txapelketa. 2014an Usurbilen ezarritako errekorra hautsi da gainera, eta aise. Orduko 29,6 metroak labur utzi ditu Oier lekeitiarrak, 40 metroko marka ezarrita. Kostako da gainditzea gero!

Egunak utzitako zapore gozoarekin goaz etxera, harpide, irakurle, jarraitzaileekin buruz buruko solas hurbilak asebeteta. Ea hurrengoan marka berdintzea dugun, gutxienez.