Ekineko zuzendaritzako kide izatea leporatuta epaituko dituzte. Akusazioak 9 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskaerak egin ditu beraien aurka.
Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte dira 8/2013 sumarioan auzipetutako euskal herritarrak. 2010an atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu zituzten Ekineko zuzendaritzako kideak izatea leporatuta.
Asteartean hasi eta ekainaren 2ra arte luzatuko da epaiketa, eta salatu dute Euskal Herriaren aldeko militantzia politikoa zigortzea dela prozesuaren helburua. Izan ere, gogorarazi dute beraien aurkako frogak torturaren bidez derrigortutako inkulpazioetan oinarritzen direla. Horregatik, uste dute epaiketa ez litzatekeela egin behar, torturapeko inkulpazioetan eta legez kanporatzeen politikan oinarritzen delako.
Txosten bat kaleratu dute kasu guztia azalduz: atxiloketen testuingurua, tortura testigantzak... Hemen duzue irakurgai.
'Basque lives matter' kanpaina
Euskal Herriko errealitatera egokitu nahi dute AEBko komunitate beltzek Poliziaren gehiegikerien aurka eta oinarrizko eskubideen alde abiatutako Black lives matter kanpaina. Euskaldunen bizitzak ardura duela uste dute, eta ardura hori konpromiso bihurtu nahi dute. Beraz, eskubide zibil eta politikoen defentsa eta edozein jarduera politikoren zilegitasuna aldarrikatu nahi dute kanpainarekin, torturaren behin betiko amaitzea exijitzearekin batera.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra