Hurrengo egunetan zinemak hartuko ditu berriz ere Donostiako kaleak, pandemia hasi zenetik neurri berrezirik gabeko lehen Donostia Zinemaldiaren karietara. Juliette Binochek eta David Cronenbergek jasoko dituzte Donostia Sariak.
Pandemia aurreko “normaltasunera” itzuli da Donostia Zinemaldia bere 70 urteurrenean. Irailaren 16tik 24ra ehunka proiekzio izango dira hirian, eta kaleak zein aretoak zinemazalez, zinemagilez eta aktorez beteko dira. Ohi bezala Urrezko eta Zilarrezko Maskorra lortzeko lehia izango da Sail Ofizialean, eta gainerako sailetan ere banatuko dituzte sariak.
Donostia Saria jasoko dute Juliette Binoche aktore frantsesak eta David Cronenberg Kanadako zuzendariak eta ez da hirugarren saririk izango. Aurtengoan Belodromoko saioak ere berreskuratu dituzte.
Bi arnas eta Karpeta urdinak
Euskarazko zinemak ere presentzia izango du, nahiz eta, Pantailak Euskaraz ekimenak salatu zuenez, ez oso handia. Hain zuzen ere, Zinemaldian eskainiko dituzten 573 emanaldietatik, jatorrizko bertsioa euskaraz 5 emanaldik izango dute, eta elebidun edo hirueledunak direnak beste 11 izango dira. Euskarazko azpidatziak izango dituzten saioak, berriz, 37.
Euskarazko filmen artean daude, besteak beste, duela gutxi Frantziatik Espainiara lekualdatu duten Iratxe Sorzabal preso politikoaren kasuari buruzko Jon Mikel Fernandezen Bi arnas, Ander Iriarteren Karpeta urdinak eta Arantza Santestebanen 918 gau dokumentalak. Horiez gain, Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia), Irrits (Maider Oleaga), Lanbroa (Aitzol Saratxaga) filmak emango dituzte, baita Erro bi (Nagore Muriel) eta Noizko basoa (Mikele Landa) film laburrak ere Nest zinema ikasleen atalean. Bestalde, Fermin Muguruzaren Black Is Beltza 2: Ainhoa animazio filma emango dute Belodromoan.
Bihartik aurrera, egunero, Ixone Santamariaren eta Peru Iparragirreren eskutik izango dugu Donostia Zinemaldiko berri.