Asteburuan milaka lagun batu dira Cortin egindako manifestazioan. Astelehen goizean ere herrialdeko hainbat lizeo itxi dituzte ikasleek. Joan den astean beste preso batek Colonnari eraso egin zion Arlesko espetxean, koman dago geroztik. Frantziako estatua erruduntzat jo dute korsikar independentistek.
Korsikar independentisten borrokaren sinboloa bilakatu da Yvan Colonna preso politikoa. 1998an Ajaccion Claude Erignac prefet frantsesa hil izana egotzita biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten 2007an.
Colonnak errugabea dela esan izan du beti, eta Korsikako alderdi abertzaleen gehiengoaren babesa eduki du. Azken urteetan bere familiarengana gerturatzeko hainbat eskaera egin dituzte, baina Frantziako estatuko kartzeletan mantendu dute.
Arlesko espetxean ari zen biziarteko zigorra betetzen Colonna. Martxoaren 2ko goizean beste preso batek eraso egin zion, larriki zaurituz. Frantziako epaitegi antiterroristako prokuradoreak eman ditu gertatu zenaren inguruko xehetasunak. Kirol-gelan egin zion eraso Franck Elon Abé presoak, itotzen saiatuz. Zortzi minutuz jipoitu zuen Colonna, eta horren ondoren kartzelazainei abisatu zien, Colonna “ondoezik” zegoela esanez. Bertan erreanimatu egin behar izan zuten, eta handik erietxera eraman. Eguerdirako hainbat hedabidek Colonna hil zela zabaldu zuten, baina abokatuek gezurtatu egin zuten. Koman daukate geroztik, eta delikatua da bere osasun egoera.
Martxoaren 6an manifestazioa
Colonnak jasandako erasoaren berria jakin eta berehala zabaldu zen haserrea, Ajaccioko Polizia prefeturaren aurrean ehunka manifestari bildu ziren ostiral gauean eta ateari su eman zioten. Beste hainbat mobilizazio ere egin zituzten.
Tartean, uhartera bidalitako hainbat militar eta polizia frantses zekartzan Corsica Ferries konpainiako itsasontzi bati porturatzea ukatu zioten STC sindikatuko hainbat kidek. Korsikarren haserrearen aurrean Paristik bidalitako errefortzuak ziren. Zortzi orduz egon zen ferrya geldirik, Touloneko porturantz buelta hartu aurretik.
Asko izan dira gertatutakoaren erruduntzat Frantziako Estatua jo dutenak. Tartean, Korsikako Legebiltzarreko lehendakariak adierazi zuen erasoa aurreikus zitekeela eta estatuak ez zuela ekiditeko ezer egin, ez eta preso politikoa Korsikara gerturatu, aspaldi eskatzen ari diren bezala.
Iganderako mobilizatzera deitu zuten ikasleen sindikatuek, eta alderdi independentista guztiek eta hainbat elkartek bat egin zuten Cortin egindako manifestazioarekin. Orotara 10.000 eta 15.000 lagun artean elkartu ziren Korsikako hiriburu zaharrean. “Frantziako Estatua hiltzailea” zeraman manifestazio buruko pankartak.
Istiluak gertatu ziren manifestazioan, eta poliziak ere gogor erantzun zuen. 24 manifestari, horietako batzuk larri, eta 4 polizia zauritu zirela esan zuen Korsikako prefeturak. Istiluen aurrean, Gilles Simeoni Korsikako kontseilu exekutiboko lehendakariak esan zuen manifestazioak emozioa, pena, eta baita haserrea ere erakusten zituela, eta gobernuak ez zuela horiek inola ere baretzeko saiakerarik egin.
Astelehen goizean ere jarraitu dute protestek, eta hainbat lizeo itxi dituzte ikasleek, Colonnarekiko elkartasunez ateen aurrean barrikadak eginez.
Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak kanpainako ekitaldia egin behar zuen igandean, baina egoera dela-eta atzeratu egin behar izan du.