argia.eus
INPRIMATU
Haserrea Gurutzetako ospitalean, Joint Commission-en auditoriaren astean
  •  Aste honetan zehar egongo da AEBko auditoria Gurutzetako ospitalean; bere estandarrak betetzen dituzten osasun-zentroei akreditazioa ematen die. Osakidetzak 106.843 euro gastatu ditu bere aurrean itxurak egiteko.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko azaroaren 15

Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleko osasun-langileen artean, haserrea da nagusi. Izan ere, AEBko Joint Commision auditoria izango da Bizkaiko osasun-zentroan aste honetan zehar, eta bisita hori dela-eta, Osakidetzak hainbat lan eta neurri jarri ditu martxan ospitalean, ikuskaritza-entitate estatubatuarraren aurrean itxurak egin ahal izateko. Gutxienez 106.843 euro gastatu ditu, bere estandarren araberako akreditazioa ematen duen auditoria horri begira, antzerkia egin ahal izateko.

Esate baterako, obra batzuk egin dituzte Gurutzetako itxaron-geletan eta beste gune ikusgarri batzuetan, baina ez lan-eremuetan eta langileen atseden-guneetan, beharginetako batzuek kazeta honi azaldu diotenez. Farmakoen administrazio-sistema ere aldatu du Osakidetzak, kanpoko eredu bat bere eginez eta, zerbitzu batzuetan (larrialdietan kasu), pazienteen arreta geldotuz.

Horretaz gain, Joint Commission-en bisita dela-eta egindako egokitzapenen barruan, jardute-pauta batzuk ezarri dituzte Osakidetzako zuzendaritzatik: AEBko auditoriako ebaluatzaileen galderei nola erantzun esan die langileei, akreditazioa lortzeko asmoz. "Horrek presioa eragiten du langileongan, ondo ez erantzutearen ondorioak jasateko beldurrez", diote. Gainera, behargin batzuek diotenez, errefortzu modura aritzen diren osasun-langile ez-finkoei oporrak eman dizkiete egun hauetan, atzerriko ebaluatzaileak bertan diren bitartean, egon ez daitezen.

Osasun-langileek haserre adierazi dute "lotsagarria" dela, "osasun-krisiaren egoera honetan", "Osakidetza zuzentzen duten burokratek baliabideak halako antzerki baterako baliatzea". Gogor kritikatu dute zuzendaritzak 100.000 euro baino gehiago erabili izana Joint Commission-en aurrean plantak egiteko; bitartean, "bai pazienteek bai langileok itxaron-zerrenda amaigabeak bizi ditugunean anbulategi zein ospitalean", "larrialdi-zerbitzuak gainezka" daudenean, "lan-baldintzak okerragotzen" ari direnean, eta abar.

"Neurri horiek ez dituzte paziente edo langileon mesederako hartu, baizik eta aurpegi zuriketarako balioko dien akreditazioa lortzeko", jakinarazi diote hainbat langilek Gedar langile kazetari: "Ez dirudi Osakidetzaren asmoa benetako kalitatezko arreta bermatzea denik, ez eta langileon lan-baldintzak hobetzea ere".