argia.eus
INPRIMATU
Haserrea eta kezka AEBetako kaleetan, abortatzeko eskubidea ezabatzeko proiektua dela eta
  • Politico komunikabideak filtratu du informazioa: eskubide konstituzionala baliogabetuko luke Auzitegi Gorenak, eta horrek erran nahi luke abortua debekaturik daukaten estatuetan eskubidea ez litzatekela bermaturik. Beste behin, AEBetako kaleak hartu ditu abortatzeko eskubidearen aldeko aldarriak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko maiatzaren 05a
Abortatzeko eskubidearen aaldeko manifestazioak biderkatu dira azken egunetan AEBetako hirietan.

Donald Trumpen presidentetzaz geroztik epaile kontserbadoreak dira nagusi AEBetako Auzitegi Gorenean eta horren eragina sentitu da: abortatzeko eskubidea zalantzan dago AEBetan, 1973ko Roe v. Wade epaia baliogabetu nahi dutelako. Bizi pribatuaren eskubidean oinarriturik, epaile horiek abortatzeko eskubidea ezabatzeko daukaten proiektua filtratu du Politico komunikabideak. Orain arte, estatuen arauen gainetik dago abortatzeko eskubide konstituzionala; hori horrela, abortua legala ez den estatuetan ere dira haurdunaldia eteteko eskubidea bermatzera behartuak. Auzitegi Gorenak eskubidea ezabatuko balu, estatuen erdiak baino gehiagok galarazten ahalko luke haurdunaldiaren etetea.

Iazko abenduan Mississippi estatuan buruturiko auzi bati buruzko epaia eman beharko du ekainean Auzitegi Gorenak. Horri buruzko dokumentazioa du filtratu komunikabideak.

Joe Biden presidentea abortuaren alde mintzatu da, boto bidez eskubide horren alde egiteko deia zabalduz. Udazkenean dituzte AEBetako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gaur egun, presidente demokrataren aldekoak dira nagusi bi ganberetan –alde tipiarekin Senatuan–. "Aukeratzeko eskubidearen aldeko senatari gehiago beharko ditugu, baita gehiengoa Ordezkarien Ganberan ere, legedia –abortatzeko eskubidea dakarren jurisprudentzia– kodifikatzeko gisan. Horren alde eginen dut”.

Milaka lagun kaleetan

Haserrea eta kezka eragin ditu Politico-k zabalduriko berriak eta milaka lagun atera dira karrikara. Emakumeak nagusi, manifestazioak errepikatzen dabiltza AEBetako hirietan.

Besteak beste, New York hirian:

Los Angeles hirian:

Iazko udazkenean ere biderkatu zituzten protestak, Texas estatuko lege batek ia sistematikoki debekatzen zielako abortatzeko eskubidea.