Eragile feministek eta norbanakoek haserre hartu dute Azkena Rock 2018 jaialdian egongo den emakumeen presentzia eskasa. Berrogei taldeetatik, soilik lautan egongo dira emakumeak oholtzaren gainean.
Azkena Rocken arituko diren ia 40 musika taldeetatik, soilik lautan daude emakumeak taldekideen artean. Horren berri eman zuen Hala Bedik, ekainean ospatuko den jaialdiak behin-betiko kartela iragarri eta gutxira. Eta, galdera bat mahaiaren gainean jarri: Nola geratuko litzateke kartela soilik emakumeak dituzten taldeak agertuko balira? Etxe honek froga egin zuen.
Zortzi DJ-etatik, emakumerik ez, Andra Maria Zuriaren plazan egongo diren kontzertuetan ere emakumeen presentziarik ez… Eta, Gasteizko Udalak diru publikoarekin lagundutako jaialdia da hau. Estibaliz Canto kultura zinegotziak, aurreko urtean, Last Tour International enpresa antolatzaileari konpromisoak eskatuko zizkiola esan zuen, baina ez dituzte bete. 270.000 euro baino gehiago jasoko ditu Azkena Rockek aurten Gasteizko Udaletik, laguntza gisa.
Gasteizko eragile feminista ezberdinak ez ziren albo batera begira geratu eta jaialdiaren formatua salatu zuten sare sozialetan. Martxoaren 8ko asanbladak Gorka Urtaran eta Estibaliz Canto seinalatu ditu, Irantzu Varelak boikoterako deia zabaldu du, June Fernándezek reggaetoiarekin alderatu du… Sarean jasotako erreakzio ezberdinak bildu ditugu gurean.
Haserrearen adierazle diren txio batzuk bildu ditugu jarraian:
Albiste hau Hala Bedi Irratiak egin du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.