argia.eus
INPRIMATU
Haserre dago Kataluniako hezkuntza komunitatea: “Murgiltze eredua ez da ukitzen”
  • Murgiltze ereduak gizartearen adostasun zabala du Katalunian, kohesioa eta aukera berdintasuna bultzatzen dituen eredu arrakastatsua da, eta gatazka ez dagoen lekuan gatazka sortzeagatik haserre dago hezkuntza komunitatea. Milaka lagun manifestatu dira asteburuan, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi ostean Kataluniako eskola-orduen %25ak derrigorrez espainieraz izan behar duela.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko abenduaren 21
Argazkia: Som Escola

Kataluniako hezkuntza ereduan lekuz kanpo dagoen esku-hartzea egitea eta Kataluniako eskolaren eta ikuspegi pedagogiaren kontra eraso egitea leporatu diote herritarrek auzitegiari. “Orain eta beti, eskola katalanez” lelopean, Som Escola plataformak deitu du protesta, katalanezko murgiltze ereduak bai ikasleentzat bai gizartearentzat onura dakarrela eta arrakastatsua dela nabarmenduz. “Ikasleen konpetentzia linguistikoak zein ereduk bermatzen dituen erabakitzea hezkuntzako profesionalei dagokie, ez juristei”, kritikatu dute.

Ez da kasu isolatua. Hizkuntza katalanaren eta eredu katalanaren aurkako eraso politiko eta judizialak etengabeak direla salatu du Som Escolak, eta hizkuntzaren eta hezkuntzaren instrumentalizazio politikoa egiten ari direla Espainiatik, “gure hizkuntza bere erabilera sozial guztietan gutxitzeko helburuz”.

Aipatu moduan, gai honen inguruan adostasuna zabala da Kataluniako gizartean, eta seme-alabek gaztelaniaz ikas dezaten eskatuz guraso gutxi batzuek hasten duten bide judizialari heldu ohi diote auzitegi eta agintariek, murgiltze ereduaren aurka jotzeko.