Hartzekodunen konkurtsoek kopuru historikoetan jarraitzen dute Hego Euskal Herrian. Urte honetako bigarren hiruhilekoan 207 enpresa sartu dira mota horretako prozesuetan Hego Euskal Herrian. Aurreko hiruhilekoetatik hona egoera ez da hobetu eta 2012arekiko erregistroarekin alderatuz %40,5 egin dute gora desegiteek EAEn eta %57,1 Nafarroan.
2011n krisiaren eztandak mota honetako prozesuen igoera ekarri zuen. Igoera horrek muturra jo zuela ematen zuen iazko azken hiruhilekoan, 170 enpresaren itxierarekin. Baina aurtengo datuek okerrena pentsatzeko bidea irekitzen dute.
Desegite prozesu hauetan parte hartu duten enpresa gehienak eraikuntza arlokoak dira, 65 guztira. Ondoren sektore industrialekoak egongo lirateke, 52 guztira.
EAEn herrialdeka itxiera gehien Bizkaian erregistratu dira, iazko bigarren hiruhilekoan eman zirenen bikoitza, 107 zehazki. Bizkaiko datuak igo du EAEko batez bestekoa, Gipuzkoan, 6 hartzekodunen lehiaketa gehiago bakarrik eman baitziren eta Araban jaitsi egin baita kopurua 27tik 17ra.
Konkurtsoetan murgilduta dauden enpresen tamaina aztertuta, enpresa gehienak 5-20 langile bitartekoak dira, langile askoko enpresarik ez dago ia. 100 langiletik gora dituzten bost enpresa bakarrik daude.
Krisiak oraindik arrakala gogorrean mantentzen ditu enpresak EAEn eta Nafarroan. Lehen, konkurtso prozesuen bidez enpresa asko berreskuratzea lortzen bazen ere, gaur egun gutxi dira zorren zulotik ateratzen direnak.