Pirinioetan gutxienez 70 hartz eta 8 otso atzeman ditu 2019tik martxan den proiektu batek. Hartz eta otsoen populazioa monitorizatzea eta bereziki jarraipen genetikoa egitea du helburu proiektuak, besteak beste.
Naiz-en irakurri dugunez, LoupO proiektua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak koordinatu du eta bi urte eta erdian hartz eta otsoen 500 lagin baino gehiago bildu dituzte (ilea, gorotza…), 70 hartz eta 8 otso identifikatzeraino. Animalia hauen elikadurari lotuta ere hainbat datu lortu dute.
Hartzak ugaritu egin dira Pirinioetan eta otsoak finkatu egin dira Pirinioaurrean eta ekialdeko Pirinioetan, ikerketaren arabera.
Abeltzainei laguntza
Proiektuaren baitan, prestakuntza eman da hezkuntza arloan, dibulgazioa ere egin da eta etxaldeko abereak txakurren bidez babesteko planak egin dituzte, abeltzainei laguntzeko.