Otsailak 2, Kandelario. Trumoi hotsa aditu da. Oskarbi dago hala ere. Zulo beltzean luzaroan geldi egon den piztiaren giharrak tinkatzen hasi dira. Lotan egin duen puzkerrak iratzarri du. Hilabeteetako loaldiaren nagiak askatu, kiribilduta izan den zuloaren berotasuna utzi eta leizearen ahora hurbildu da. Atzeko bi hanken gainean zutitu eta zerura luzatu du begirada. Ilargiari begiratu dio lehenengo. Izarrak behatu ditu gero. Burua jaitsi eta hankak lur hartu ditu. Bai, eguna da. Iritsi da ordua. Hartzuloa uzteko garaia da. Bukatu da negua. Has dadila inauteria.
Euskal Herriko hainbat inauterietan ohikoa da Hartza. Ohikoa baino gehiago. Hartzak parte hartzen duen inauteri gehienetan protagonismo nagusia bereganatzen du. 2021eko ez-inauterietan Hartza ikusteko aukerarik nekez izango denez, hona hemen beste urte batzuetan han-hemen ikusitakoen argazki batzuk.