argia.eus
INPRIMATU
Ustez hartzak hil dituen ardien gorpuak utzi dituzte Baionako suprefeturaren atarian, protesta moduan
  • ELB Euskal Laborarien sindikatuak dozenaka ardien heriotza salatu du Baionako suprefeturaren parean; hartzak hil dituela uste dute, eta neurriak hartzea eskatu diete instituzioei.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 03a
Ardiak errepide erdian. Argazkia: Euskal Irratiak.

Astelehenean goizean goiz eman zuten nekazariek gauean haien ardiak erasotuak izan zirenaren abisua; hartz batek hamabost ardi hil zituen, eta beste hainbat zauritu. Bunuze eta Jutsikoak (Nafarroa Beherea) ziren artzainak, eta haien ardiak Cauteretsen (Okzitania) izan ziren erasotuak.

"Mila ardietarik 630 bildu ditugu. 50 bat hilak dira, ehun bat zaurituak, eta oraindik 300 falta ditugu" adierazi du Paxkal Harizpuru kaltetutako artzainak. Horrez gain, beste hainbat ardi sakrifikatu egin behar izan dituzte, zaurien larritasuna dela eta. Astelehen goizean Pirinio Atlantikoetako suprefeturak helikoptero bat bidali zuen galdutako ardiak bilatzeko, baina laborariek uste dute neurri gehiago hartu behar direla. Hau dela eta, 150 abeltzain inguru elkartu ziren Baionan, suprefeturaren atarian, eta hildako ardien gorpuak errepidean botata utzi dituzte protesta gisa.

Pirinio Atlantikoetako suprefetura seguru da “harrapari” baten erasoa izan dela, baina artzainek argi dute hartz bat izan dela erasotzailea. Ardiak errepide erdian uztearen harira, ondorengoa adierazi du Paxkal Harizpuru kaltetutako artzainak: “Jendeari erakutsi nahi diogu zer demasia izaten ahal den”.